Europatik kanpoko lurralde estrategikoetako eta euskal eragileen artean proiektuak garatzeko dirulaguntza deialdia abian da (2024- 2025)
Euskara. Kultura. Mundura.
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaritzak 2024- 2025 urteetan Quebec-en (Kanada), Querétaro (Mexiko), Cundinamarca (Kolonbia) eta Santiagoko Metropoli-eskualdea (Txile) eskualde estrategikoan lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak emateko deialdia zabaldu du. Deialdia eskualde hauetako bazkide baten partaidetzaz, aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak aurkezten duten pertsona juridiko pribatuei dago bideratuta. Eskabideak jasotzeko epea maiatzaren 9ra arte egongo da zabalik, esteka honetan.
Deialdiaren helburua nazioarteko Bazkide Estrategikoen Sarearekin harreman bilaterala sustatzea eta indartzea da. Eta horrela, euskal proiektuak nazioartean zabaltzea, kanpoan sortu daitezkeen aukerak identifikatzea, bertako kultur eragileak herrialde ezberdinetara gerturatzea eta kolaborazio estrategiko eta hartu-emanak sustatzea.
Deialdira aurkezten diren hautagaiek kultura, hizkuntza-politika, ekonomia, ingurunea eta I+D+I lankidetza proposamenak bidali ditzakete. Diru laguntzak urtebeteko iraupena izango du, eta zuzkidura 80.000€koa izango da (40.000€ Quebecekin egingo diren proiektuei bideratuko dira eta 40.000€ Querétaron, Cundinamarcan, eta Santiagoko Metropoli-eskualdean egingo direnei).
Aukeratutako proiektuek jasoko duten laguntza nazioarteko garraio-gastuak (1000 €-ra arte gehienez), ostatu- eta mantenu-gastuak (eguneko 180€, 7 egunera arte gehienez) eta proiektua egiteko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak (5000 €-ko gehienezko zenbatekoa bete arte) estaltzeko izango da.
Quebec - Euskadi
Euskal Autonomia Erkidegoak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuen Quebecekin 2017an. Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea da, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horrek, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua du. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat. Egitasmo horren baitan, 2021ean eta 2022an bi herrialdeen arteko kultur trukaketak eta erakusleihoak eratu zuriren Quebec-en eta Euskal Herrian.
Querétaro, Cundinamarca eta Santiagoko Metropoli-eskualdea, lehentasunezko eskualdeak
Etxepare Euskal Institutuak Euskadirentzat estrategikoak diren lurralde hauetan euskal sortzaileen lana nazioartekotzeko hainbat hitzarmen ditu abian eskualdeotako kultura- eragileekin.
Bogota, Kolonbiako hiriburua izateaz gain, Cundinamarca eskualdearen hiriburua ere bada, eta 2017tik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean dago. Etxepare Euskal Institutuak bertan, BIME Bogotá (Oreka TX, Zetak), Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo (Ttanttaka Teatroa, Kulunka Teatroa) edo Cinemateca de Bogotá (Que haiga paz! Zine zikloa) bezalako eragileekin ditu hitzarmenak horien bidez euskal sortzaileen lana naizoartekotzeko.
Mexikoko Querétaro (2014tik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean) eskualdean Institutuak HAY Festival Querétarorekin duen lankidetzari esker, Amets Arzallus eta Eider Rodriguez bezalako idazleak bertan izan dira.
Txileko Santiagoko Metropoli-eskualdean ere (2022tik Euskadiren Aliantza Estrategikoen sarean), Etxepare Euskal Institutuak irakurletzak sustatzen ditu Santiagoko Unibertsitatean eta Pontificia Universidad Católica de Chilen eta Santiago a Mil jaialdiarekin ere lankidetzan aritu da (2024ko urtarrilean, Deabru Beltzak konpainiak hartu zuen parte bertan), besteak beste. Azken hilabeteetan, Pontificia Universidad Católica de Chilen ‘Chillida, el arte y los sueños’ dokumentalaren proiekzioa babestu du.