Sydneyko Biurtekoak Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum-en ‘Bandera faltsua’ lana aurkeztuko du

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-02-20

Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum-en ‘Bandera faltsua’ lana Sidneyko Biurtekoaren 24. edizioan aurkeztuko da, martxoaren 9tik ekainaren 10era, Etxepare Euskal Institutuaren  ZABAL programaren esparruan egindako lanak ahalbidetuta.

Pasa den urteko apirilean, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, Cosmin Costinas eta Inti Guerrero Sydneyko Biurtekoaren zuzendari artistikoek hainbat museo, arte gune eta artisten estudio bisitatu zituzten euskal testuinguruan murgildu eta praktika artistikoak bertatik bertara ezagutzeko. Egonaldi hartan elkar ezagutu ostean jaso zuten Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek erakusketan parte hartzeko gonbidapena.  

Ten Thousands Suns’ (Hamar mila eguzki) izenburuarekin, biurtekoaren 24. edizio honek bidegabekeriari aurre egiteko metodo eta alaitasun iturri gisa ospakizuna proposatzen du, kontzeptu bezala; elkarrekin eraikitako eta modu zabalean partekatutako ospakizuna.

Ekitaldiaren erdigunean arte garaikideko erakusketa dago, eta istorio, ahots eta perspektiba ugariz hornitzen da, euren artean lotura duten hari tematikoak esploratzeko. Hala nola, Lehen Nazioen teknologia eta ezagutzen susperraldia, Queer erresilientzia, edota Inauterien nazioarteko adierazpena.

Aurten 50 urte betetzen dituen Sidneyko Biurtekoa arte garaikidearen esparruko ekitaldi garrantzitsua da nazioarteko mailan, eta Australiako handiena. 47 herrialdetako 88 artista eta kolektibok hartuko dute parte, eta hiriko hainbat gunetan barrena egingo da.

‘Bandera faltsua’

Lanaren abiapuntua René Magritte margolari surrealistaren ‘Le Drapeau Noir’ (Bandera Beltza) izeneko koadroa da. 1937an margotua, Gernikako bonbardaketan oinarritzen dela uste dute adituek. Koadroak hegazkin futurista batzuk irudikatzen ditu zeruertzaren gainean. Zientzia-fikziozko film baten atrezzo gisa, hegazkin horiek gaur egun gure planeta inguratzen duten droneak eta sateliteak iragartzen dituztela dirudi. Pinturak une historiko honen funtsezko alderdi batean jartzen du arreta: abiazioaren aurrerapen teknologikoak nola betirako eraldatuko zuen gizakiok lurraldearekiko dugun harremana.

Jaiok eta van Gorkumek hiru dimentsioko modeloak egin dituzte hegazkin hauekin. Objektu hauek bideo batekin batera erakusten dira. Bideo honetan euskal paisaia menditsua kokaleku akustiko moduan erabiltzen dute artistek. Picassoren "Guernica"-n irudikatutako gorputzen zatiak zerrendatzen dituzten ahotsak entzuten dira, gerrako izugarrikeriak gogora ekarriz.

Jaio eta van Gorkumek Magritteren ‘Le Drapeau Noir’ pinturaren inkongruentziak eta anakronismoak berenganatzen dituzte. Beraien ustez, Magritteren koadroa kanon historikoaren desbideratze bat baita, non Picassoren ‘Guernica’-k toki nagusia hartzen duen. Kanon historiko honen ertzetatik abiatzen dira Jaio eta van Gorkum. Magritteren makina hegalariak garraiobide gisa erabiltzen dituzte, eta horrela ezohiko hausnarketa bat egiten dute modernitateari buruz eta arteak memoria historikoaren irudimen kolektiboan jokatzen duen paperari buruz.

Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek bikote artistikoa osatzen dute 2001etik. Gaur egun Rotterdamen (Holanda) bizi eta lan egiten dute. Beren praktika arkeologia esperimentalarekin konpara daiteke. Dauden objektuen eta dokumentuen esanahi soziala aztertzen dute, horiek bereganatuz eta beste testuinguru batean erreproduzituz.

Banakako eta taldeko erakusketa ugaritan parte hartu dute hainbat espaziotan, hala nola Gasteizko Artium Museoan; ADN Platform Bartzelonan; FRAC-Akitania Bordelen; MUSAC Leonen; Tabakalera Donostian; Kunsthalle Exnergasse Vienan; Fabra i Coats Bartzelonan; De Appel Amsterdamen; eta Konsthall C Stockholmen. Ekoizpen eta ikerketa artistikoko hainbat programatan parte hartu dute, hala nola "The Materiality of the Invisible" Maastrichteko Jan van Eyck akademian eta "Museo Bikoitza" Donostiako San Telmo Museoan.

ZABAL programaren beste emaitza batzuk

2019an jarri zuen martxan Etxeparek ZABAL egitasmoa, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea helburu duena. Ordutik euskal artearen testuingurua ezagutzeko aukera izan dute nazioarteko ekimen garrantzitsuenetako batzuen komisarioek: São Pauloko biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoek (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekokoak (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

Ekimenak emandako fruituen artean daude Consonni argitaletxe eta kultur espazio independentearen parte hartzea Documenta Fifteen-en (2022) edo June Cresporena Veneziako Biurtekoan (2022). Berriki, ‘Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua’, Kutxa Fundazioaren bildumako obra, 2023ko São Pauloko Biurtekoaren erakusketaren parte izan da, eta Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak ikusgai daude une honetan Shanghaiko 14. Biurtekoan.

ZABAL programa aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du.

Etxepare Euskal Institutua eta artista

Etxepare Euskal Institutuak atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz, ZABAL ekimena jarri zuen abian 2019an. Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum-en ‘Bandera faltsua’ lana Sidneyko Biurtekoaren 24. edizioan aurkeztuko da, Etxepare Euskal Institutuaren  ZABAL programaren esparruan egindako lanak ahalbidetuta.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu