«Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» artelana São Pauloko Bienalean izango da

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-09-06

São Pauloko Bienalak 35. edizioari ekingo dio gaur ´Choreographies of the imposible´ izenburupean. Ezezagunari buruzko irudimen erradikalerako gonbidapen gisa sortu da erakusketa. Edo baita ezinezkoari buruzkoa ere.

ZABAL programari esker sortutako elkarrizketen ondorioz, «Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua» lana izango da Amerikako Bienal garrantzitsuena eta munduko nagusienetakoa den honetako euskal presentzia.

Artelana iaz ikusi zuten Bienalaren 35. edizioko lau komisarioetako hiruk (Manuel Borja-Villelek, Diane Limak eta Hélio Menezesek), ZABAL programaren testuinguruan Euskal Herrira egindako bisitan.

Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” izenburua zuen Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaoren erakusketan ikusi zuten hautatutako obra. Bertan, Cabello/Carceller (Helena Cabello eta Ana Carceller) kolektibo artistikoaren lanak zeuden ikusgai Paul B. Preciadoren komisariotzapean.  

1625 eta 1628 urteen artean egin zion Juan van der Hamen-ek Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako Katalina Erausori gaur egun Kutxa Fundazioaren bildumaren lan erreferentzialenetakoa den erretratua —bildumak 5.500 lan baino gehiago biltzen ditu, eta bilduma gisa Gipuzkoako lurraldearekin lotura duten artea eta artistak kontserbatzea, ikertzea eta zabaltzea du helburu—.

Erauso 1592an jaio zen Donostian, emakumezko sexua esleitu, eta Katalina izena eman zioten. Sarritan “moja alferez” izenez da ezagunagoa, neurri batean, bere autobiografiari esker, hor, “gizon gisa jantzita” komentutik ihes egin zuen neska gazte baten abenturak kontatu zituen eta, gero soldadu eta merkatari modura Espainiako inperioak Txiletik Mexikora kolonizatutako lurretan ibili zenarenak (besteak beste, Francisco Loyola, Juan Arriola, Alonso Díaz Ramírez de Guzmán… eta Antonio Erauso izenak hartuta). Azkuna Zentroko erakusketaren komisario izan zen Paul B. Preciadok nabarmendu zuen “gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu ‘trans’ bezala” har zitekeela.

Euskal arte garaikidea, nazioartean

Katalina Erausoren erretratua jasotzen duen artelana São Pauloko bienalean egotea ZABAL programaren baitan egindako lanaren emaitza da. Izan ere, 2022n June Crespo Veneziako Bienalean parte hartzera gonbidatu zuten eta Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak Kassel-en (Alemania) izan zen  nazioarteko documenta 15 erakusketa entzutetsuan parte hartu zuen.

Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen abian ZABAL ekimena atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz. Programak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea du xede, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzeko nazioarteko sareak garatuz eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak sortu eta harreman iraunkorrak ezarriz.

Azken batean, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortzen ari da ZABAL egitasmoa. Eta horretarako, Institutuak nazioarteko komisarioak, arte kritikariak edo eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Euskal Herriko testuinguru artistikoa ezagutzera, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du.

Dagoeneko munduko biurteko eta arte-jaialdi entzutetsuenetako ordezkarien bederatzi bisita izan dira gurean, Euskal Herriko artisten lana ezagutzera eman asmoz: São Pauloko Biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

São Pauloko Bienalaren 35. edizioko talde kuratoriala Diane Limak, Grada Kilombak, Hélio Menezesek eta Manuel Borja-Villel-ek osatzen dute. ZABAL programaren inguruko informazio zehatzagoa, hemen.

Etxepare Euskal Institutua eta egitasmoa

Etxepare Euskal Institutuak 2019an jarri zuen abian ZABAL ekimena atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz. Katalina Erausoren erretratua jasotzen duen artelana São Pauloko bienalean egotea ZABAL programaren baitan egindako lanaren emaitza da. Dagoeneko munduko biurteko eta arte-jaialdi entzutetsuenetako ordezkarien bederatzi bisita izan dira gurean, Euskal Herriko artisten lana ezagutzera eman asmoz: São Pauloko Biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), Shanghaiko Biurtekokoak (2021 eta 2023), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu