Sortzaileen mugikortasuna sustatzeko laguntzen deialdia abiatu da
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren kultur sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzen deialdiak argitaratu ditu, eta eskaerak egiteko epea hilaren 22tik aurrera egongo da zabalik.
Batak arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasuna diruz lagunduko du. 2021ean Euskal Herritik kanpoko jaialdi edo kultur jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, muntaketa-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango da.
Aurtengo deialdia automatizatu egin da, prozedura azkartu eta sinpletzea helburu. Honek esan nahi du baldintzak betetzen dituzten guztiek dirulaguntza jasoko dutela. Ez da balorazio batzorderik egongo. Gainera, kanpora joaten denari erraztasunak emateko, nahikoa izango da Euskal Herritik kanpo emanaldi edo jarduera bat izatea.
Eskaerak aurkezteko bi epe izango dira. Lehenengoa maiatzaren 30a arte egongo da zabalik, eta urtarrila-ekaina arteko jarduerak hartzen ditu. Bigarrena uztailaren 1etik urriaren 30era egongo da zabalik, eta uztailetik abendura burutuko diren jarduerak laguntzera dator.
Beste bi deialdietan ez da aldaketarik egon: ARCO azokara aurkezteko hilabeteko epea izango dute arte-galeriek, eta beste azoketarako epea irailaren 3ra bitarte egongo da zabalik. Zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke.