Naziaorteko euskara eta euskal kulturako 22 irakurle elkartu dira Donostiako San Telmo Museoan
Euskara. Kultura. Mundura.
Berlin, Helsinki, Habana, Chicago, Mexiko Hiria, Paris edota Liverpool bezalako hirietan pasa dute ikasturtea, eta uztailaren 12an Donostiako San Telmo Museoan elkartu dira. Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea osatzen duten irakurleak dira, hau da, Euskal Herritik kanpoko unibertsitate batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzte. VII. Irakurle Topaketa ikasturtearen balorazioa egiteko, esperientziak partekatzeko eta dituzten erronken inguruan hausnartzeko espazioa da. Parte hartzaileen artean datorren ikasturtean lehen aldiz euskara eta euskal kultura eskolak emango dituzten zazpi lagun izan dira.
Irakurleekin batera, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Monika Madinabeitia Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan dira bertan, baita irakurle sarea kudeatzen duten Eneko Agirre eta Xabier Etxeberria teknikariak ere.
San Telmo Museoan lehen aldiz egin da urtero ospatzen den topaketa. Okasioa aprobetxatuz, irakurleek museoan bisita gidatu bat egiteko parada izan dute, non euskal kulturaren lagin bat bertatik bertara ezagutzeko aukera duten. Bisita hau egin baino lehen, irakurleek lan dinamika bat egin dute museoko hezkuntza arduradunak, Agurtzane Garayk, gidatuta. Bertan, haien unibertsitateetan euskal kultura helarazteko eta trasmititzeko zer elementu material edo inmaterial eramango lituzketen partekatu dute. San Telmo museoa bisitatu ostean, beste baliabide, elementu eta irudi sartu dituzte nazioarteko unibertsitateetara eramango duten maletan.
Bisita amaitzean, Etxepare Euskal Institutuak datorren ikasturtera begira irakurletzentzat eskainiko dituen berrikuntzak aurkeztu dituzte Monika Madinabeitiak eta Xabier Etxeberriak. Besteak beste, ‘Irakurleentzako Sarea’ aurkeztu dute, mundu osoan zehar lanean ari diren irakurleen arteko saretzea eta lankidetza eraginkorra bideratzea helburu duen tresna digitala. Bertan, eskolak eta jarduerak antolatzeko baliabideak, edukiak eta materiala eskuragarri izango dute irakurleek, baita bakoitzak egiten dituen ekintzak partekatzeko aukera ere, besteak beste.
Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakurletzak sustatzeko ekoitzi duen promozio bideoa ere aurkeztu du, laster argitaratuko dena. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta HABEk aurten plazaratu duten ‘Ingura’ tresnaren aurkezpen laburra ere egin da, irakurleentzat oso baliagarria izan daitekeen tresna baita. Inguraonline.eus, euskara ikasteko eta irakasteko plataforma digitala da eta 2024- 2025 ikasturtean eskuragarri egongo da A1 mailarako.
Jardunaldia amaitzeko, irakurleek hitza hartu dute eta aurkeztu diren tresnen inguruko iritziak eta hobekuntza- proposamenak, urtean zehar izan dituzten esperientziak eta erronkak eta haien lana saretzeko ideiak partekatu dituzte. Oro har, topaketaren formatuaren eta aurkeztutako baliabideen inguruko iritzi positiboa izan dute parte hartzaileek. Madinabeitiak adierazi duenez, “oso pozik gaude aurtengo topaketaren emaitzarekin. Formula berri hau asko gustatu zaie irakurleei, eta talde dinamikak, formakuntza saioak eta solasaldiak aberasgarriak izan dira denontzat”.
Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea
Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakasleak dira. Horrez gain, esparru akademikoan euskal kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz ere arduratzen dira, jarduera kultural eta akademikoak antolatuz eta kultur-arteko topaguneak sustatuz.
Topaketa hauek 2018 urteaz geroztik egiten dira, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea indartzeko asmoz. Institutuak mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Irakurletza programaren bitartez, Institutuak euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko testuinguruetan. Gaur egun, Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitatek osatzen dute Institutuak sustatzen duen sare hori, eta 28 dira sare horretan diharduten irakurleak.