Irakurletzak

Irakurletzak

Mundu osoko unibertsitateekin lankidetza hitzarmenak sinatzen ditugu euskal ikasketak eskaini ditzaten. Eta programa ezberdinen bidez irakaslegoaren prestakuntza eta ikasleen euskara gaitasuna sustatzen dugu.

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditugu nazioarteko unibertsitate eta goi mailako zentroetan, irakurletza programaren bitartez. Euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasgaiak munduko hainbat unibertsitateren eskaintza akademikoan daude haiekin sinatzen ditugun lankidetza hitzarmenei esker. Ikusi hemen euskara eta euskal ikasketen mapa interaktiboa.

Zer da irakurle bat?

Irakurlea, Euskal Herritik kanpoko unibertsitateren batean euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituen irakaslea da. Horrez gain, esparru akademikoan gure hizkuntzaren eta kulturaren ordezkari eta dinamizatzaile izateaz ere arduratzen da, jarduera kultural eta akademikoak antolatuz eta kultur-arteko topaguneak sustatuz (jardunaldiak, hitzaldiak, mintegiak, kultur programak, etab.). Etxepare Euskal Institutuak, irakurleei zuzendutako barne deialdi baten bidez, jarduera horietako batzuk diruz ere laguntzen ditu.

Zer eskaintzen zaie ikasleei?

  • Euren unibertsitateetako ikasketa plan ofizialen baitan kalitatezko irakaskuntza bermatzen duen irakurle baten eskutik era dinamikoan euskara ikasi eta euskal kultura ezagutzea.
  • Unibertsitatean kultur ekintzen bidez euskal kulturako eragile, sortzaile eta erreferente esanguratsuen eskutik euskal kultura lehen eskutik ezagutzea.
  • Euskal Herrian euskara gaitasuna hobetzeko eta euskal kultura ezagutzeko hizkuntza egonaldiak egitea.

Euskararen egiaztatze frogak

Etxepare Euskal Institutuak, HABErekin lankidetzan, atzerriko unibertsitateetan euskara ikasten ari diren ikasleen euskara gaitasun maila egiaztatzeko azterketak antolatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo.

Nola izan zaitezke irakurle?

Euskara eta euskal kultura irakurleak hainbat urteren buruan aldatzen joaten dira. Irakurle izateko, deialdi publiko bidez argitaratzen den hautaketa prozesu batean hartu behar da parte. Bertan adierazten dira, besteak beste, irakurletza jardunaren zehaztapenak, bete beharreko eskakizunak eta merituen balioespena, ebaluazio sistema, ebaluazioa egingo duen batzordearen osaketa, etab

Etengabeko prestakuntza

Irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko, atzerrian euskal ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitate sareko irakasleentzako etengabeko prestakuntza eskaintzen du Etxepare Euskal Institutuak. Halaber, etorkizunean irakasle izan nahi duten horientzat ere formakuntza espezifikoa eskaintzen dugu.  

Nazioarteko esperientzia bat bizi nahi duzu euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzari lotuta? Ikusi irakurle izateko irekita ditugun deialdiak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu