Euskal ikasketak: jarduera akademikoak New York, Montreal, Buenos Airesen eta Galesen

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskara eta euskal ikasketen onespena eta ikusgarritasuna indartzeko Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedrak bultzatzen ditu nazioarteko hainbat unibertsitate entzutetsutan. Euskara eta euskal kulturako katedrak, euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua (bereziki, graduondoko mailakoa) eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.

Gaur egun 12 katedra sustatzen ditu mundu osoan zehar. Honako hauetan jarduera ezberdinak antolatu dira azken asteotan:

Bernardo Atxaga katedra (CUNY) – New York: erresistentzia antifeministak

Etxepare Euskal Institutuak City University of New York (CUNY) unibertsitatean sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo gonbidatua Miren Gutierrez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria izan da.

Genero ikuspegitik, teknologiaren, diskurtsoaren eta boterearen arteko elkargunea du ardatz zuen lau eguneko tailer bat eman zuen bertan. Deustuko Unibertsitateko Miren Berasategi eta Asier Leozekin batera idatzitako ‘Erresistentzia antifeministak Lokatza podcastean’ artikulua abiapuntu gisa hartuta, misoginiaz, erresistentzia antifeministez eta genero desinformazioaz jardun zuen Gutierrezek.

Horrekin batera, ‘Erresistentzia antifeministak: ikuspegi bat Euskal Herritik’ hitzaldia eman zuen urriaren 10ean, non “erresistentzia antifeminista” kontzeptua jorratu zuen Euskal Herrian kokatutako hiru kasu aztertuz.

Elbira Zipitria Katedra (McGill University) - Montreal:  eraldaketa soziala eta diziplinartekotasuna hiri testuinguruetan

Montrealen kokatuta dagon McGill unibertsitatearekin elkarlanean abian jarritako Elbira Zipitria katedrak gizarte berrikuntzan du fokua. Urriaren 7tik 21era, Aitor Zuberogoitia izan da bertan eraldaketa sozialari eta hiri-testuinguruetako diziplinartekotasunari buruzko hitzaldi eta eztabaida batzuetan parte hartzeko, hizkuntza gutxituen erabilera eta sare sozialekin duten harremana ardatz hartuta. Egonaldian, Zuberogoitiak Gizarte Zientzien eta Humanitateen etorkizunari buruzko bere ikuspegiak partekatu ditu, baita diziplina horiek etengabe aldatzen ari den mundu honetan dituzten erronkei buruzkoak ere.

Mondragon kooperatiba-mugimenduan integratuta dagoen unibertsitate kooperatibo bateko kide bezala, Zuberogoitiak unibertsitate-eredu bakar honen jatorriari eta helburuei ere heldu die. Halaber, Zuberogoitiak "hiri etikoen" kontzeptuaren inguruan hausnartu du inklusioaren, iraunkortasunaren eta gobernantza irekiaren garrantzia azpimarratuz, hiri-garapen bidezkoago baten zutabe gisa.

Azkenik, kultura eta hizkuntza gutxitu bateko kide den aldetik, Zuberogoitiak hizkuntza eta kultura gutxituek gure hirietan betetzen duten papera aztertu du. Hiri-inguruneetan garatzeko eta integratzeko bide posibleei buruz ere hausnartu du, arreta berezia jarriz sare sozialek mundu garaikidean duten presentzia eta ikusgarritasuna sendotzen nola lagun dezaketen.

Alan R. King katedra (University of Wales Trinity Saint David) – Gales: soziolinguistika eta euskara

Galesko unibertsitatean kokatuta dagoen Alan R. King katedrak galesaren eta euskararen soziolinguistika eta hizkuntza politika ditu ikerketa arlo. Urtero Euskal Herriko aditu bat joaten da Aberystwyth-en dagoen Centre for Advanced Welsh and Celtic Studies-era ikerketa jarduerak burutzera, eta aurteengoan, Mikel Gartziarena izan da hautatua.

Gartziarena hezkuntza elebidunean eta euskarazko hezkuntzan aditua da. Urte honen hasieran, Euskal Herriko hezkuntza-ereduetako irakasleen prestakuntzan elementu berriak sartzeko proiektu berritzaile batean parte hartu zuen, eta hasierako emaitzak partekatuko ditu egonaldian zehar.

Amale Artetxe katedra (Universidad Nacional de San Martín) – Buenos Aires: Nestor Basterretxea eta abangoardiak

Buenos Airesen, Universidad Nacional de San Martín unibertsitatean dago kokatuta Amale Artetxe katedra. Azaroaren 4, 5 eta 6an ‘Modernidades singulares y vanguardias vernáculas; Nestor Basterretxea y al arte vasco internacional del siglo XX y XXI’ mintegia antolatu du, Peio Aguirreren idazle, kritikari eta komisarioaren eskutik.

“Euskal artea” azterketa kasu gisa hartuta, mintegiak modernitate dialektikoa eta postmodernitatea landuko ditu, eta Nestor Basterretxea (1924-2014) euskal artista izango du ardatz.

Basterretxeak 1940ko hamarkadan Buenos Airesen hasi zuen bere ibilbide artistikoa, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz erbesteratua izan eta gero. Oteiza eta Chillida bezalako beste artista batzuen garai berekoa izan zen Basteretxea.  Bere lanak modernitatea zeharkatzen du eta postmodernitatean ere barneratzen da, arte guztiak ukituz: ilustrazioa, muralismoa, abstrakzioa eta arte zehatza, eskultura publikoa, zinema, diseinu industriala eta baita arkitektura ere.

Mintegia ikerketa kasu zehatz batetik abiatuko da, eta hortik, abangoardia artistiko transkontinentalen kartografia bat ezarriko du, haien koordenatuak eta ardatzak etengabe lekualdatuz; Europako abangoardia artistikoetatik, Espainiaren kasura, euskal abangoardia eta bere konexio latinoamerikarrak ere aztertuz.

Horrela, euskal artea erresonantzia-kutxa gisa erabil daiteke Argentinan, Brasilen eta Erdialdeko eta Hego Amerikako beste zenbait epizentrotan gertatzen diren beste egoera zehatz batzuk aztertzeko orduan.

Bestalde, azaroaren 7an, Agirrek berak eta Alfonsina Lenarozek hitzaldia emango dute Domingo Faustino Sarmiento Kultur Etxean 18:00etan: ‘Las raíces argentinas de un artista vasco: Nestor Basterretxea’.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu