Universidad Nacional de San Martín - Amale Artetxe katedra: Peio Aguirre
Euskara. Kultura. Mundura.
-
04Aza 202407Aza 2024Buenos Aires
Azaroaren 4, 5 eta 6an, Amale Artetxe Katedrak ‘Modernidades singulares y vanguardias vernáculas; Nestor Basterretxea y al arte vasco internacional del siglo XX y XXI’ mintegia antolatu du, Peio Aguirreren eskutik.
“Euskal artea” azterketa kasu gisa hartuta, mintegiak modernitate dialektikoa eta postmodernitatea landuko ditu, eta Nestor Basterretxea (1924-2014) euskal artista izango du ardatz.
Basterretxeak 1940ko hamarkadan Buenos Airesen hasi zuen bere ibilbide artistikoa, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz erbesteratua izan eta gero. Oteiza eta Chillida bezalako beste artista batzuen garai berekoa izan zen Basteretxea. Bere lanak modernitatea zeharkatzen du eta postmodernitatean ere barneratzen da, arte guztiak ukituz: ilustrazioa, muralismoa, abstrakzioa eta arte zehatza, eskultura publikoa, zinema, diseinu industriala eta baita arkitektura ere.
Mintegia ikerketa kasu zehatz batetik abiatuko da, eta hortik, abangoardia artistiko transkontinentalen kartografia bat ezarriko du, haien koordenatuak eta ardatzak etengabe lekualdatuz; Europako abangoardia artistikoetatik, Espainiaren kasura, euskal abangoardia eta bere konexio latinoamerikarrak ere aztertuz.
Horrela, euskal artea erresonantzia-kutxa gisa erabil daiteke Argentinan, Brasilen eta Erdialdeko eta Hego Amerikako beste zenbait epizentrotan gertatzen diren beste egoera zehatz batzuk aztertzeko orduan.
Bestalde, azaroaren 7an, Agirrek berak eta Alfonsina Lenarozek hitzaldia emango dute Domingo Faustino Sarmiento Kultur Etxean 18:00etan: ‘Las raíces argentinas de un artista vasco: Nestor Basterretxea’.
Peio Aguirre
Peio Aguirre arte kritikaria, idazlea, erakusketa komisario independentea eta editorea da. Donostian bizi da eta bertan egiten du lan.
‘La línea de producción de la crítica’ (consonni, Bilbo, 2014) eta ‘Estilo. Estética, vida y consumo’ (Turner, Madril/Mexiko D.F., 2022) liburuak idatzi ditu.
Nestor Basterretxearen hiru erakusketa komisariatu ditu eta bere obra eta bizitzari buruzko saiakera filmiko baten egilea ere bada. 2019an, Espainiako Pabilioiko komisarioa izan zen Veneziako 58. Bienalean, eta Sergio Prego eta Itziar Okariz artistak aurkeztu zituen.
2000. urteaz geroztik, aldizkari espezializatuetan eta egunkarietan testuak argitaratu ditu. Mugalari (Gara); Cultura (s) (La Vanguardia); EXIT, A-desk; Afterall Journal; A Prior Magazine; Flash Art; El estado mental; e-flux journal; Concreta; Babelia (El País), etab.
2018tik Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolako irakaslea da. Eta 2021etik mugaz gaindiko aholkulari gisa dihardu Baionan eta Biarritzen kokatua dagoen ESAPB École supérieure d ´art Pays-ekin.