Shanghaiko XIV. Biurtekoko komisarioa Euskadin da bertako testuinguru artistikoa ezagutzeko

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-07-04

Anton Vidokle, Shanghaiko XIV. Biurtekoko komisarioa Euskadin da egunotan ZABAL programaren baitan. Uztailaren 2tik 5era, Euskadiko proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak bertatik bertara  ezagutzeko aukera izango du. Vidoklek artearen kulturaren eta teoriaren inguruan diskurtso kritikoa duten mugimenduak ditu aztergai eta gaur egun errusiar kosmismoan zentratzen du bere ikerketa eta praktika. 2023ko azarotik 2024ko martxora bitartean, ‘Cosmos Cinema’ izenburupean, Shanghaiko 14. Biurtekoak unibertsoaren funtzionamenduaz eta bertan dugun lekuaz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei. Vidokleren ikuspegi kuratoriala mugaz gaindiko espazioaren eta bidaia espazialen inguruko narratiben zientzia fikzioaren kontzepziotik haratago doa. Shanghaiko Biurtekoa Txinako arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa eta Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetarikoa da.

Anton Vidokle ikerlaria, artista eta komisarioa izateaz gain, E-flux argitalpen-plataforma ospetsuaren sortzailea da. E- fluxek arte garaikidearen inguruko gaur egungo eztabaidak, hausnarketak, erakusketak, kontzeptu kuratorialak eta ideia artistikoak biltzen ditu. Bista honetan, Etxepare Euskal Institutuak E-flux plataformarekin elkarlanerako aukerak lantzen hasi da. Diskurtso kritikoaren korronte ugari biltzen ditu E-fluxek (artea, arkitektura, zinema eta teoria), eta erakunde artistiko garrantzitsuenetako asko mundu osoko publikoarekin lotzen ditu.

Horrekin batera, Anton Vidoklek Bilbon, Donostian eta Gasteizen museo, estudio eta arte espazioak bisitatuko ditu euskal sorkuntzan murgiltzeko, horien artean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Atoi, Guggenheim Museoa, Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Artium Museoa. Ibilbidean zehar bere interes artistikoekin bat egiten duten euskal artistekin bilduko da haien obra ezagutzeko.

Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da bisita hau. Programak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea du helburu, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak josteko. Institutuak tokiko eta nazioarteko arte garaikideko proiektuen kudeaketan jarduten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du ekimena aurrera eramateko.

Shanghaiko Biurtekoa 1996an inauguratu zen, eta Txina kontinentaleko arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa izateaz gain, Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetariko bat da. Shanghaiko Biurtekoak 2021ean parte hartu zuen lehen aldiz ZABAL programan, non Marina Otero komisarioak euskal testuinguru artistikoa ezagutu zuen.

Shanghaiko XIV. Biurtekoa ‘Cosmos cinema’ izenpean, 2023ko azaroan hasiko da, eta 2024ko martxora bitartean luzatuko da. Power Station of Art-ean bilduko dira mundu osoko obrak, artistak, komisarioak, idazleak, teorikoak eta artearen jarraitzaileak.

Hamalaugarren edizio honen helburua kosmosa bere konplexutasunean arakatzea da, hainbat kulturatan mikrokosmosaren eta makrokosmosaren arteko harremanak ikertzen dituzten artistak aurkeztuz, alderdi ekologikoei arreta jarriz, gizakiak kosmosean duen zereginari buruzko hausnarketaren bidez, diskurtso dekolonialaren barruan tokiko kosmologiak irudikatzen edo horiei buruz hausnartzen duten artistak aurkeztuz, baita kosmosaren eta ideologiaren arteko lotura aztertzen duten artistak ere.

Biurtekoak mugaz haraindiko espazioa espekulazio-leku gisa tratatzen duten obrekin osatuko du erakusketa, orainaren eta etorkizunaren ikuspegi alternatiboak sustatzeko xedez. Biurtekoaren egitura muntaia-printzipio bati jarraituz antolatuko da, erakusketa osoa zinemaren beraren izaera kosmikoari buruz hausnartzen duen iraupen luzeko film gisa ulertuz.

Komisarioaren inguruan

Anton Vidokle (Mosku, 1965) ikertzaile independentea, editorea, artista bisuala eta komisarioa da. E-flux argitalpen-plataforma ospetsuaren sortzailea da (1998), arte garaikidearen egungo eztabaidetan erreferentziazko argitalpena. Gaur egungo bere ikerketa artistikoa errusiar kosmismoan oinarritzen da, oro har gutxi ezagutzen den mugimendu artistikoa, zeinaren jarduera sobietar utopia estetikoaren urteetan kokatzen den, baina XIX. mendeko errusiar pentsamendu mistikora hedatzen diren sustraiak dituena. Korronte artistiko eta ideologiko honek hilezkortasuna aldarrikatzen du zientzia eta arteen garapenaren helburu gisa. Vidoklek XX. Mendeak izandako kosmismoaren eragina eta horren gaur egungo eragina aztertzen ditu.

Proiektu horren barruan, ‘Immortality for All: A Film Trilogy on Russian Cosmism’ trilogia zinematografikoa sortu zuen, hainbat museotan formatu anitzetan erakutsi dena, hala nola Centre Pompidou, Tate Modern edo Blaffer Art Museum-en. Bere obra hainbat jaialdi eta biurtekoetan izan da ere, hala nola, Gwangjuko 7. Bienalean (2008), Documenta 13-n (2012), Veneziako 56. Biurtekoan (2015) eta Shanghaiko 12. Biurtekoan (2019), besteak beste. New York eta Berlin artean bizi eta lan egiten du gaur egun.

ZABAL programak  dagoeneko fruituak eman dizkio euskal sorkuntzaren nazioarteko zabalkundeari. Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak parte hartu zuen 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratutako Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan eta June Crespok 59. Biennale Venecian (Biennale Arte 2022) bere obra erakutsi zuen.

Etxepare Euskal Institutua eta egitasmoa

Shanghaiko Biurtekoko komisarioaren bisita Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. 2019an abiatutako egitasmo honen bidez, euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile desberdinen artean elkarlanerako hainbat aukera sortu dira. Euskal Herriko artisten lana bisitatu dute nazioarteko ekimen garrantzitsuenetariko batzuen komisarioek: São Pauloko biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), 13. Shanghaiko Biurtekokoa (2021), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu