Biennale Arte 2022: June Crespo
Euskara. Kultura. Mundura.
-
23Api 202227Aza 2022Venezia
June Crespo (Iruñea, 1982) artistak apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo den 59. Veneziako Bienalean (Biennale Arte 2022) hartuko du parte, antolakuntzaren gonbitea jaso eta gero. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400dik gora artelan egongo dira ikusgai.
Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, ‘The milk of dreams’ lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartutako izenburua. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, zeinetan bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen duen.
Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe? Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan hauek dira bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, eta hiru arlo tematikotan zentratzen da: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.
Testuinguru horrekin kokatzen da era beran June Cresporen lana. Bere piezetan, gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak, beti prekarietate materialetik, komunikabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen direnak.
Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.