Tradizioak, denboraz gaindiko fenomenoak
Euskara. Kultura. Mundura.
Usadioak dira iraganetik jasoa duguna eta ondare kontsideratzen duguna. Hain zuzen, hamabi kultur adierazpideri eskainitako ´Euskal Kultura saila´ liburu bildumatik berreditatu den tradizioei eskainitako lana plazaratu berri da. Aitzpea Leizaolak idatzi du ‘Tradizioak’ liburua. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen bildumaren lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta ari da izaten sorta guztia.
Euskal Herriaren iruditerian, izan bertan ekoitzitakoan nola kanpotik sortutakoan, tradizioak leku esanguratsua izan du eta izaten jarraitzen du. Luzaz, tradizioak iraganetik orainerako bidea egiten duten gizarte-mailako jarduera, ekintza eta ospakizun gisa aurkeztu izan dira.
Arbasoengandik jasotakoak direnaren ideiari estuki lotuta, tradizioek belaunaldien arteko transmisioa bide eta oinarri hartzen dituzte. Hona tradizio moduan identifikatzen ditugun zenbait elementu: errituak, errepresentazioak, ospakizunak, formulak, diskurtsoak eta egiteko moldeak. Guztiek dimentsio kolektibo bat plazaratzen dute. “Ezin bestela. Taldeak bizi du tradizioa, bai eta biziberritu ere”, nabarmentzen du Leizaolak.
Horrela, tradizioen aurpegi anitzetan sakontzen du idazleak. Atal desberdinetan zaltzen du baserria, euskal mundu tradizionalaren funtsezko instituzioa denez gero, folkloristen eta antropologoen aztergai izan dela; auzoa eta auzolanaren garrantzia elkar laguntza-sistema bezala; udaletxe, eliza, frontoia eta plazen balio sinbolikoak; azokak, landa-eremua eta hiriguneak bat egiten duten gune/espazio komertziala; herri-kirolak, Euskal Herriko historian jatorria duten kirol gisa ikusi eta bizitzen den kirol-jarduerak; gizarte harremanek oro har espazio publikoan duten presentzia kuadrilla eta elkarteen bidez, besteak beste; festa-egutegi bizi eta oparoa; eta kultura tradizionala delakoak guganaino eraberrituta heltzeko bizitako eduki, euskarri eta formen aldaketei ere botatzen die begiratua liburuaren egileak.
Bildumaren jatorria
Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu, orduan plazaratu baitzen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma, euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzeko asmoz, jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztuta.
Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.
2021ean zehar egingo da liburu gehienen eguneratzea egin da, elebidunak izango diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Liburuak eskuragarri daude, doan, formatu digitalean.