Euskal kultura
Euskal kultura
Herri baten kultura nazioartera zabaltzea, herri hori ezagutzera emateko ezinbesteko giltza da. Euskal kulturak, gizarte txiki baten adierazpide izanik ere, oihartzuna izan du munduan zehar; bereziki, euren talentua hainbat bazterretara eraman duten diziplina ezberdinetako artista eta sortzaileei esker.
Euskara. Kultura. Mundura.
Sartu Basqueculture.eus webgunean eta inspira zaitez gure kultura eta gizartearen inguruko artikulu eta istorioekin.
-
Zinema
Azkenaldi honetan egin diren zenbait filmen arrakastari esker ‒Loreak, Amama edo Handia, besteren artean‒ loraldian da orain euskarazko zinemagintza. Euskal zinema azken 50 urteetan garatu da bereziki: Euskal Herriari gorazarre egiten dion Ama Lur filmetik zuzendarien belaunaldi berriraino (Cobeaga, Garaño, Arregi, Vigalondo, Goenaga, Altuna, Esnal…), Medem edo Alex de la Iglesia zinemagile ospetsuak tartean direla.
-
Literatura
Euskal literaturan bizitasun handia antzematen da gaur egun. Bernardo Atxaga edo Arantxa Urretabizkaia bezalako idazleek nazioarteko irakurleak erakarri dituzte eta, azken urteetan, belaunaldi berri bat ari da erreleboa hartzen, besteren artean, Eider Rodríguez, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleen eskutik.
-
Dantza
Tokiko kultura koreografiko aberatsak dantzari trebeak eman ditu, hala euskal dantza tradizionalean ari direnak nola dantza klasikoan eta garaikidean arrakastaz atzerrian nahiz bertan ari direnak.
-
Arte plastikoak eta ikusizkoak
Euskal artea ezingo zen ulertu Jorge Oteizak eta Eduardo Chillidak egindako berealdiko ekarpenagatik ez balitz. Nazioartean lortu zuten proiekzioaz gain, eragin izugarri handia izan zuten belaunaldi batean baino gehiagotan. Egun euskal artea munduan zehar dabil beste hainbat artistaren eskutik (Itziar Okariz, Sergio Prego, Maider López, Asier Mendizabal…).
-
Antzerkia
Gure antzerki-kultura aspalditik badator ere, gutxi dira iraganari buruz hitz egiten diguten dokumentuak. Nolanahi ere, jakin badakigu XV. mendeko ospakizunetan antzerkia euskaraz egiten zela. Gaur egun, euskal antzerkiak hizkuntza unibertsala bereganatu du. Bertakoa eta kanpokoa barne biltzen ditu lantzen dituen gaietan eta erabiltzen dituen formatuetan.
-
Musika klasikoa
Sortzaile nahiz interpretatzaile, musika klasikoaren esparruan, euskal harrobiak figura nabarmenak eman ditu iraganean eta ematen ditu gaur egun ere bai. Maurice Ravel izan da euskal jatorriko musikagile guztien artean entzutetsuena. Interpretatzaileen artean, puntako abesbatzak, bakarlariak eta musika instrumentala jorratzen duten taldeak daude.
-
Euskal kantagintza: pop, rock, folk
Azken bost hamarkada hauetan euskal kantagintza modernoak ia denetarako balio izan du: lirikarako, aldarrikapen sozial eta politikoetarako… Mikel Laboaren folk musika hunkigarritik Berri Txarrak-en rock musikaraino, Belako taldearen esperimentu elektronikoak tartean direla, eroso dabil gaur egun euskal musika.
-
Arkitektura eta diseinua
Euskal arkitekturak eta diseinuak etxebizitza eta objektuen mundua zizelkatzen dute. Gure arkitektoek eta diseinatzaileek betidanik izan dute largabistaren begirada. Euskal mugez gaindi egiten zenari so egon dira, erne, gurera ekartzeko mundua. Orain arkitektura-estudioen aroa da. Izen propioez harago, lan kolektiboa bogan dago.
-
Sukaldaritza
Euskaldunek maite-maite dute euren sukaldaritza; tartean mahairik ez bada, ezin dituzte lagun arteko zein bestelako harremanak ulertu. Hainbesterakoa da ezen euskal gastronomia lehiatsuenetako bat izatera igaro baita Europan, berrikuntza eta aurrerapauso askoren buru.
-
Bertsolaritza
Bertsolaritza euskaraz bat-batean kantatzeari esaten zaion fenomeno sozial eta kultural bat da. Mila bertso-emanaldi baino gehiago antolatu eta ospatzen dira urtero eta milaka pertsona gerturatzen dira bertso txapelketa nazionalaren finalera.
-
Tradizioak
Tradizioek, folkloreak eta mitologiak, hizkuntzarekin batera, leku gailen bat hartzen dute euskal gizartearen imajinario kolektiboan: iraganari begiratzeko balio izateaz gainera, etorkizunerantz proiektatzeko oinarri ere badira.