Euskal sortzaileentzako mugikortasunerako dirulaguntzak martxan dira: arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkigintza sektoreetako sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzaren deialdia argitaratu du. Eskaerak egiteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik, eta 2024 urte osoan zehar egin edo egingo diren jarduerak aurkeztu daitezke.
Dirulaguntza honen xedea da Euskal Herritik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea. Eta laguntza hauen bidez 2024. urtean zehar Euskal Herritik kanpoko jaialdi, kultur gune, programazio edo jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko mugikortasun gastuak, ostatua eta dietak ordainduko dira. Deialdi horretara aurkez daitezke hurrengo sektoreetako sortzaileak: arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia.
Dirulaguntza automatikoa izaten jarraituko du. Honek esan nahi du, prozedura azkartu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko, baldintzak betetzen dituzten guztiek dirulaguntza jasoko dutela. Ez da balorazio batzorderik egongo. Guztira, 455.000 eurokoa izango da dirulaguntzen zuzkidura.
AT! Arte plastikoak eta ikusizkoak: 75.000€-ko zuzkidura.
AT! Musika: 150.000€-ko zuzkidura.
AT! Dantza: 82.000€-ko zuzkidura.
AT! Antzerkia: 148.000€-ko zuzkidura.
Puntuazio irizpide eta prozedurak
Arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkigintzako mugikortasunerako dirulaguntzen deialdia lehiarik gabekoa izan arren, eskaera bakoitzari dagokion kopurua nolabait zehaztu beharra dago, eta horregatik, aurreko urteetako deialdietan erabiltzen diren balorazio irizpideak oinarri hartuta, subjektiboak izan zitezkeen edo adituen iritzia behar zezaketen atalak kendu, eta Institutuak bilatzen dituen helburuen arabera puntuatu beharrekoak iruditzen zaizkion atalak mantendu eta egoera berrira moldatu dira, jakinik helburu nagusia dela oinarrizko baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak laguntzea.
Gauzak horrela, honakoak izango dira dirulaguntzen kopuruak zehazteko irizpide-ardatzak: euskararen presentzia proiektuan, genero irizpidea, proiektuaren autofinantzaketa maila, zein espaziotan edo gertakizunetan gartuko diren jarduerak eta eskatzailearen presentzia digitala.
Dirulaguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.