Oskar Alegria, zinema eta poesiaren artean
Euskara. Kultura. Mundura.
Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagile atipikoa da. Kazetari gisa aritu da, eta 2013 eta 2016 artean Iruñeko Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen. 2012an egin zuen debuta, eta ordutik bilaketa-istorioak eskaintzen dizkio publikoari, oso ohikoa ez den narratiba batetik kontatuta. Kazetari gisa, bidaiei buruz idatzi zuen, eta horrek lotura estua du bere zinematografiarekin. Bere azken lana, ‘Zinzindurrunkarratz’ (2023), duela gutxi saritu dute Nanteseko Festival du Cinèma Espagnol jaialdian. Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin antolatutako Fenêtre Basque sailean aurkeztu zen.
"Niri asko gustatzen zaizkit istripuak, poetika bat dagoela uste dut, hizkuntza berri bat dago erabat funtzionatzen ez duten gauzetan, birtuosismoa garatzen dutelako"
Alegriaren dokumentalgintza esperimentala: bilaketa bideak
Argazkigintzarekin esperimentatzen hasi zen, Londres bezalako hiriak ezagutzen ez ditugun prismetatik erretratatzen saiatuz. Bere filmetan, bilaketa-bidaia bati ekiten dio zinemagileak, eta bere bidaiak lehen pertsonan kontatzen ditu, bidaia-erreportaje bat balitz bezala. Bere filmek geldotasunari, itxaronaldiari eta oroimenari gorazarre egiten diete. Gutxieneko zinema egiten du, batzuetan ia zinema mutua, eta soinuaren zeregina da bere filmetan egiten dituen bilaketak eraikitzea.
Lehen bilaketa: 1926tik gordetako erlikia bat
Zuzendari bezala 2012an egin zuen debuta ‘Emak Bakia baita’ filmarekin. Ipar Euskal Herriko kostaldeko etxe baten bilaketari buruzko filma da; 1926an Man Rayk ‘Emak Bakia’ filmatu zuen etxearen bilaketa, hain zuzen. Alegriak etxe hori aurkitu nahi du, eta pista gisa Man Rayren filmean agertzen diren hiru planoak besterik ez ditu: bi zutabe, kostaldearen ikuspegi bat eta sarrerako atearen irudia. Bilaketa horretan bere bidaiaren planoak eta Man Rayren filmarenak tartekatzen ditu. Pelikularen erdialdera etxea aurkitzen du, eta zerotik hasten da berriro. Etxea aitzakia bat da Alegriarentzat, helburua bidea da, ez helmuga.
Naufrago batek filmatutako memoria
2019an ‘Zumiriki’ estreinatu zuen. Bertan Nafarroako Pirinioetako basoetan isolatuta dagoen naufrago baten istorioa kontatzen du. Naufrago horrek naturarekin eta bere haurtzaroarekin berriz konektatzea du helburu, eta bere oroitzapenak berriz noiz agertuko zain dago. Hori da filmaren ardatz nagusia.
Zumiriki hitzak "ibaiko uhartea" esan nahi du euskaraz. Zinemagileak umetan bisitatzen zuen uharte bati egiten dio erreferentzia, presa bat eraiki ostean urpean geratu zena. Alegria bera da dokumentaleko protagonista; izan ere, berak erabaki zuen, lau hilabetez, basoko txabola batean isolatzea, baratze bat, bi oilo eta 70 libururekin batera.
Antzinako soinu-bidea
‘Zinzindurrunkarratz’ (2023) lanarekin, Oskar Alegriak bere herriko artzainek mendietara egiten zuten transhumantziaren bidea berreskuratzea erabaki zuen. Amoa bere familiaren Super 8 kamera zaharrarekin filmatzea da, baina 41 urtez erabili gabe egon ondoren, ez du soinurik jasotzen. Bidaia honetan, grabagailu bat erabiltzen du bere kontakizuna bisuala osatzen duten 55 soinu erregistratzeko.
Zatiak besterik geratzen ez diren beste garai bateko memoria batean barrena ibilbide poetikoa egiten du zinemagileak. Bere aitona-amonak ibiltzen ziren bidezidorretara itzultzen da, Artazuko mendietara, Nafarroan, jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratzeko.
Filmaren izenburua deklamazio pausatu bat da, soinu onomatopeikoetan egituratua: haize arina (zinzin), erortzen den harria (durrun) eta tximista batek jotako gailurra (karratz). Soinu hauek hainbat fenomeno naturalen iraupena adierazten dute.
Publikoak eta nazioarteko kritikak saritutako lana
Variety aldizkariak Espainiako panoraman etorkizun handiena duten hamar zinemagileen artean aukeratu zuen Oskar Alegria. Bere lehen luzea, ‘Emak Bakia baita’ (2012), nazioarteko 70 jaialditan ibili zen, 17 sari jaso zituen eta 13 hizkuntzatara itzuli da. Bere bigarren film luzea, ‘Zumiriki’ (2019), Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu zen nazioartean, eta 9 sari irabazi zituen guztira, besteak beste, ez-fikziozko film onenarena Sevillako Zinemaldiko Nuevas Olas atalean, eta Sari Nagusia Genoako Zinemaldian..
‘Zinzindurrunkarratz’ (2023) Tellurideko Zinemaldian (Estatu Batuak) estreinatu zen. Hainbat sari lortu ditu, hala nola film antropologiko onenarena Florentziako Festival dei Popolin, Gian Paolo Paoli saria DOC New York jaialdian, edo Valladolideko Seminci jaialdiko Film Onenaren DOC España Saria. Nanteseko Festival du Cinèma Espagnol jaialdian ere Dokumental Onenaren saria jaso zuen martxoan, filma Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatutako Fenêtre Basque sailean aurkeztu eta gero.
Etxepare Euskal Institutua eta artista
Oskar Alegriaren azken lana, ´Zinzindurrunkarratz´ (2023) Nanteseko Festival du Cinèma Espangol jaialdiko Fenêtre Basque atalean aurkeztu da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenenak eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen filmen hautataketa bat proposatzen du.