´Zinzindurrunkarratz´, ´Chinas´ eta ´Upon Entry´ euskal filmak garaile Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol jaialdian
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal zinema saridun atera da 33. Nanteseko Festival du Cinéma Espagnol jaialdian. Guztira, zinemaldiak 25 euskal ekoizpen hartu ditu. Horietatik, 13 film luze, film labur bat eta Kimuak 2023 bildumako 5 lanek osatu dute euskal zinemari propio eskainitako Fenêtre Basque zikloa. Etxepare Euskal Institutuak babestutako atal honetako bost ekoizpen sail lehiakorretan izan dira, eta horietatik hiru garaile izan dira.
Oskar Alegriaren ´Zinzindurrunkarratz´ (2023) filma Dokumental Onenaren saria jaso du.
Zinzindurrunkarratz memoriarako bidaia baten eguneroko poetikoa da. Super 8 kamera baten bitartez eta Paolo izeneko asto batek lagunduta, zinemagileak bere arbasoek egindako bideak zeharkatzen ditu eskualdeko azken artzain transhumanteari janaria eramateko. Nafarroako mendietan barrena, memoria intimo eta kolektibo baten zirriborro diren irudi isilak biltzen ditu. Film honek soinuak gure oroitzapenen eta oroimenaren eraikuntzan duen paperaren ideian sakondu nahi du.
Alegríaren filmak nazioarteko hainbat sari lortu ditu, hala nola, film antropologiko onenaren saria Florentziako Popoliko Jaialdian (Italia, 2023), Gian Paolo Paoli Saria DOC New York jaialdian (Estatu Batuak, 2023) edo Valladolideko Seminci festibaleko film onenaren Espainiako DOC Saria (Espainia, 2023).
Arantxa Echeverríaren ‘Chinas’(2023) filmak Epaimahai Gaztearen Saria jaso du, Film Onenaren kategorian.
Madrilgo Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean, jatorri txinatarreko 9 urteko bi neskatoren patuak gurutzatu egiten dira bietako bat eskolara iristen denean. Denak adiskide egingo direla pentsarazten badigu ere, atzerriko herrialde horretan integratzeak oso modu desberdinean moldatu dituela erakutsiko du.
2024ko Goya Sarietan lau izendapen jaso zituen filmak.
Alejandro Rojasek eta Juan Sebastián Vázquezek zuzendutako ‘Upon Entry’ euskal ekoizpenak Premiers Films Saileko Opera Prima Saria jaso du.
Estatu Batuetan bizitza berri bati ekiteko asmoz, Diego eta Elena Bartzelonatik joan dira New Yorkera. Baina, aireportura iristen direnean, Mugetako Poliziak atxilotu egiten ditu. Bikoteak ezkutatzeko zerbait duen jakiteko helburuz, poliziaren eskutik ikuskatze-prozesu bat eta galdeketa zorrotza biziko du bikoiteak.
Besteak beste, Premiers Plans d ´Angers Zinemaldiko film onenaren saria (Frantzia, 2024), Fajr International Film Festival jaialdiko zuzendari onenaren Crystal Simorgh saria (Iran, 2024) eta Gaudi sarietako gidoi onenaren saria (Espainia, 2024) jaso ditu filmak.
Fenêtre Basque ataleko beste bi euskal ekoizpen sail lehiakorrean ere aritu dira: Victor Iriarteren ´Sobre todo de noche´ filma Fikziozko film onenaren saria eskuratzeko lehiatu da eta David Perez Sañudoren ´El rey de la semana´ Film Labur Onenaren Saria irabazteko hautagaietako bat izan da.
Fenêtre Basque ataleko filmek jaso ditutzen sariez gain, nabarmentzeko da Jaione Camborda zuzendari euskaldunaren ´O Corno´ filmak Jules Verne sariaren aipamen berezia jaso duela.
Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren baitan urtero egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloa Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalenetarikoa da. Etxepare Euskal Institutuak babesten duen atal honek urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.
Etxepare Euskal Institutua eta jaialdia
Nantes da euskal zinema gehien aintzat hartu eta erakutsi duen Europako hirietako bat. Horrela, Fenêtre Basque atalak 23 urte beteko ditu aurten.Urteotan, euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik euren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko. Etxepare Euskal Institutuak 2011tik bultzatzen du euskal zinemari eskainitako ziklo hau. Azpimarratzekoa da Nantesko Fenêtre Basque Eukal Herritik kanpoko euskal zinemaren ziklorik zaharrena dela.