Olatz Gorrotxategik burutuko du 2023ko Frank Bidart katedrako sorkuntza proiektua
Euskara. Kultura. Mundura.
Olatz Gorrotxategi izan da aukeratua Frank Bidart katedraren 2023ko ediziorako, ‘Urrun/Lejos/Far’ sorkuntza proiektuagatik. Euskal diasporaren inguruko antzerki dokumentala da, ordu beteko antzezlan elebiduna sortzea izango dena eta Estatu Batuetan eta Euskal Herrian programatu daitekeena.
Sorkuntza proiektuaren helburuen artean daude diasporako euskaldunen komunitateei buruz hitz egiten duen ikuskizuna sortzea, inmigrazioaren alderdi desberdinei buruz sentsibilizatzea eta kaliforniako euskal komunitatearekin kultur harremanak sortzea.
‘Urrun’ euskal diasporaren inguruko antzezlan performatiboa izango da, antzerki dokumentuaren forma izango duena. Lanak dokumentu eta testigantza ezberdinez baliatuko da atzerrira joan behar izan zuten euskaldunen istorioa kontatzeko, lengoaia eszenikoa gaur egunera ekarrita. Bestalde, bigarren narratiba metaforiko bat landuko du obrak, poetikoagoa izango dena.
Egoitza artistikoaren bidez, euskal diasporan lan egiten duten pertsonekin harremanetan jarriko da Gorrotxategi, ikertzaile edo irakasleak besteak beste, eta migratutako pertsonak ere elkarrizketatu ahal izango ditu.
Olatz Gorrotxategi antzerki-pedagogiaren eta kultura-kudeaketaren arloan ibilitako antzerki zuzendari, sortzailea eta antzerkigilea da. Performing Arts Practice-en lizentziaduna eta Arte Eszenikoetan eta Zuzendaritzan diplomaduna.
Bere lana ekoizpen propiora, eta Euskal Herriko edo Estatuko beste konpainia batzuekin lankidetzan aritzera bideratuta dago. Bere obran nagusi diren lengoaiak antzerkigintza garaikidea, dokumentu-antzerkia eta lengoaia eszeniko berriak dira.