Frank Bidart katedraren irekiera jardunaldia egin dute CSUB Bakersfield unibertsitatean
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian California State University Bakersfield eta Etxepare Euskal Institutuak, elkarlanean. Frank Bidart idazle ezagunaren izena darama katedrak, eta euskal kultura eta sorkuntza artistikoa sustatzea eta ikertzea izango ditu ardatz.
Katedra martxan jartzeko hitzarmena sinatzearekin batera, irekiera egitarau akademikoa egin dute astelehen honetan bertan, abenduaren 5ean. Bertan izan ziren Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; Steven Gamboa CSUB Institute for Basque Studies-eko zuzendaria; eta Lynnette Zelezny CSUB Bakersfield-eko zuzendaria bera.
Ekitaldia 13:00etan hasi zen, Dezember Reading Room aretoan, California State University-ko Walter W. Stiern Library-n. Hitzarmenaren sinaduraren ostean, Matthew Woodman irakasleak Frank Bidarten pasarteen irakurketa egin zuen, eta Miren Agur Meabe idazle eta poetak bere pasarteena.
14:00etan, ‘Remote Writers: Close Connections Among Minor/Small Cultures’ mahai inguruarekin egin zuen aurrera egitarauak. Parte hartzaileak izan ziren Miren Agur Meabe; Alison Posey Pepperdine University-ko irakaslea; Viola Miglio University of California Santa Barbarako irakaslea; eta Iker Arranz Otaegui CSUB Institute for Basque Studies-eko kozuzendaria eta Euskal Ikasketetako irakaslea, moderatzaile aritu zena.
Zuzenekoak Twitchen
Frank Bidart Katedraen irekierarekin bat egin zuten Eneko Oroz (Ekintaekin) eta Iruñe Astitz (Arkkuso) euskal streamerrek. Hala, Miren Agur Meabe eta Irene Larraza elkarrizketatu zituzten lehenbizikoaren kanalean (twitch.tv./ekintaekin) hilaren 4ean eta Iruñe Astitzen kanalean (twitch.tv/arkkuso), Amaia Gabantxo itzultzailearekin eta Sabrina Otegi, Argentinako euskal diasporako kidearekin solastu ziren hilaren 5ean.
Frank Bidart katedra
Euskal kultura, artea eta berrikuntzaren ikerketarako edota sorkuntza proiekturako trukerako espazioak garatzea helburu sortu da Frank Bidart katedra CSUB California State University Bakersfield-eko Euskal Ikasketen Institutuan. Kulturari eta arteari lotutako ikerketa proiektuak bultzatzea edo sorkuntza proiektuen garapena ere bultzatzea izango dituzte xede bertan.
Arlo akademikoa eta/edo artistikoa landuko dira, beraz. Horixe da, hain zuzen, katedra honen berezitasunetako bat, CSUB unibertsitatean egonaldia bai ikerketako eta baita sorkuntzako proiektua garatzeko ere izango baita.
Frank Bidart Katedrako egonaldia egiteko aditua edo sortzailea deialdi ireki bidez hautatuko da, eta aukeratuak CSUB unibertsitatean ikerketarako edo sorkuntzarako hilabeteko egonaldia egingo du, Euskal Ikasketen Institutuan. Egonaldi horretan, Estatu Batuetako mendebaldeko akademia edo gizartearekin elkarlana sustatuko du eta hainbat hitzaldi eta ekintza antolatuko ditu euskal kultura artea eta berrikuntza ikusgai egin eta hedatzeko.
Ipar Ameriketako idazle modernoen artean esanguratsuenetakoa dugu Frank Bidart (1939, Bakersfield) poeta, euskal jatorriko familian jaioa. University of California Riverside eta Harvard University-n ikasia, Pulitzer Saria eskuratu zuen olerkigintzan, 2018an, ‘Half-light: Collected poems (1965-2016)’ antologia poetikoagatik. Askotariko gaiak jorratu ditu argitaratutako liburuetan: Jainkoaren bilaketa eta maitasunarena, norbanako kontraesankorren bizitzak, bere baitako gatazkak, XX. mendeko queer pertsonen bizipenak… Cambridge-en, Massachusetts-en, bizi da egun.
Honekin, hamabi izango dira, guztira, Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko euskara eta euskal kulturako katedrak. Euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira katedrak, eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira.