Euskara Munduan programak neguko barnetegia antolatu du Buenos Airesen

2024/07/09

Euskara. Kultura. Mundura.

2024ko urtarrilean Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programak banetegia antolatu zuen San Nicolaseko Euskal Etxean (Argentina). Urtean zehar, barnetegiko partaideek euren euskal etxe eta herrietatik jarraitu dute formakuntza, Euskal Herritik Euskara Munduan programak kudeatutako online plataforma baten bidez.

Sei hilabeteren ostean, berriz elkartuko dira Euskara Munduan programak antolatutako Neguko Barnetegian. Buenos Airesek emango dio abegia barnetegiari, Laurak Bat Euskal Etxearen egoitzan,uztailaren 12tik 19ra. Horretaz gain, ikastaroa amaitutakoan, hizkuntza-gaitasuna egiaztatzeko probak ere deitu dira.

Argentinako 19 euskara ikaslek eta Txileko batek osatzen dute taldea. Ines Olazabal eta Rocío Basterra arduratuko dira euskara eskolak emateaz. Eta  horretarako, Jon Urdangarin irakasle lazkaotarrak bereziki Hego Amerikako ikasleentzat prestatutako materiala baliatuko dute. Gabriela Mendiak (FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas) eta Kinku Zinkunegik, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduradunak, koordinatuko dute barnetegia.

Maila egiaztatzeko azterketak

Barnetegia amaituta, uztailaren 20an, larunbatean, eta 21ean, igandean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 euskara mailak egiaztatzeko idatzizko eta ahozko azterketak egingo dira Laurak Bat Euskal Etxean.

Mahai aztertzailea Irene López de Vicuñak, Sabrina Oteguik eta Kinki Zinkunegik osatuko dute, eta 23 ikaslek egingo dute azkeketa: B1 mailako 8 ikasle, B2ko 8; eta C1 mailako 7.

Euskara Munduan Programa

Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin, Kinku Zinkunegik koordinatuta.

Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena.

2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta ondoren aipatzen diren eginkizunak garatzen ditugu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu