Euskara Munduan programak barnetegia antolatu du San Nicolasen

2024/01/10

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskara Munduan programak barnetegi berri bat antolatu du urtarrilean Paraná ibaiaren ertzean, San Nicolas hirian. Urtarrilaren 13an, bertako Euzkal Etxeak ongi etorria emango dio  euskara irakasle bihurtzeko asmoz euskalduntze prozesua hutsetik hasiko duen Argentinako euskal etxeetako ordezkari talde berri bati. Barnetegia amaitzean, partaideek euren euskal etxe eta herrietatik jarrituko dute formakuntza, Euskal Herritik Euskara Munduan programak kudeatutako online plataforma baten bidez, ekainean egingo den hurrengo barnetegira arte.

Ikastaroa trinkoa izango da eta urtarrilaren 13tik 20ra egingo da. Argentinako bi irakaslek, Cecilia Canzek eta Anabel Jaureguiberryk, emango dituzte eskolak. Barnetegian Argentinako hainbat hiritatik bertaratuko diren 15 ikaslek parte hartuko dute. Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarinek diseinatutako materialak erabiliko dira barnetegian. Gabriela Mendiak (FEVA, Federación de Entidades Vasco Argentinas) eta Kinku Zinkunegik, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Munduan programaren arduradunak, koordinatuko dute barnetegia.

San Nicolasen talde berri hau euskaran murgiltzen hasiko den bitartean, bere aurreko taldeak haien formakuntza prozesua Lazkaoko Maizpide barnetegian amaituko du, urtarrilean eta otsailean zehar. Dagoeneko euskal etxeetan euskara irakasle diren dozena bat ikaslek bizitza euskaraz egiteko esperientzia bizi ahal izango dute, aldi berean euskararen ezagutzan sakonduz.

Euskara Munduan Programa

Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin, Kinku Zinkunegik koordinatuta.

Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena.

2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta ondoren aipatzen diren eginkizunak garatzen ditugu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu