Zabalik da MIN sarietan izena emateko epea
Euskara. Kultura. Mundura.
MIN sarietako kategoria ezberdinetan hautagai izateko izen-ematea zabaldu dute. Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskarazko diskorik onenarentzako saria eskainiko du. Otsailaren 8ra arte egongo da hautagaitzak aurkezteko epea zabalik.
MIN sariak artista berriak publiko berriei ezagutarazteko, musika gizarteari hurbiltzeko eta sormen-jardueraren onarpena sustatzeko sortu ziren duela 16 urte. Etxepare Euskal Institutuak 2013tik eskaintzen du euskarazko diskorik onenaren saria, euskaraz egindako musika eta euskal musikari independenteei ikusgarritasuna eta zabalkundea emateko xedez.
Edizio honetan, 2023an argitaratutako diskoak, EPak edo singleak dituzten artista eta zigilu independenteek eman dezakete izena. Euskarazko diskorik onenaren kategorian 2023an argitaratutako euskarazko lanak aurkeztu daitezke. Prozesu hori diskoetxeek, musika argitaletxeek, artistek edo kudeatzaileek egin dezakete MIN Sarien webgunearen bidez.
Euskarazko diskorik onenarentzako kategorian izena emateko oinarriak eta prozedura MIN sarietako webgunean kontsultatu daitezke. Otsailaren 8an itxiko den izena emateko etaparen ondoren, bozketa herrikoi bat egingo da, non publikoak kategoria bakoitzeko hautagaitzak bozkatzeko eta hamabost lan hautatzeko aukera izango duen. Ondoren, epaimahaiak publikoak aukeratutako hamabost izendatuetatik bost hautagaitza aukeratuko ditu. Nominatuen izenak Izendatuen Irakurketa publikoan jakinaraziko dira.
Aurreko sari banaketak Iruñean, Burgosen eta Palma de Mallorcan egin dira, eta aurtengo data eta lekua laster iragarriko ditu antolakuntzak. Ekitaldian, MIN sarien gala egingo da eta kategoria guztietako saridunak izendatuko dira.
Unión Fonográfica Independiente-k antolatutako sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko. XV. MIN sarietan (2023), euskarazko diskorik onenaren saria Niña Coyote eta Chico Tornadoren ‘Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacrán’ lanak jaso zuen.