Mikel Ayllon: fikzioaren eta errealitatearen arteko urakanaren begian

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-06-27

Mikel Ayllon (Laudio, 1980) itzultzailea da ogibidez, nahiz aurretik ibilia den kazetari eta kultur programatzaile lanetan. Bere bizitza eta lana literaturarekiko eta antzerkiarekiko pasio eta konpromisoaren testigantza dira. Bere bizipenak istorio unibertsal bihurtzeko duen gaitasunak, eta formatu eta gai berrien etengabeko esplorazioak euskal literaturaren eszenan jarraitu beharreko izenen artean kokatu dute. Bere ibilbide literarioa, sariz eta aintzatespenez zipristindua, hitzen botere eraldatzailean sinesten duten guztientzako inspirazioa da. Literatura egonaldi bat egin berri du Bartzelona, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.

“Inork ez zidan galdetu jaio nahi ote nuen. Ez dakit zer erantzungo nukeen. Orain galdetuko balidate, uste dut baietz esango nukeela. Batez ere amak herriko liburutegira eskutik helduta eramaten nindueneko garai haiek ez galtzeko, oinak oraindik lurrera iristen ez zitzaizkidanean. Suposatzen dut han jaio nintzela benetan”

Literaturan ibilbidea: zoriontasunaren eta eraldaketaren bidean

Bere ibilbidean erabakigarria izan zen Igartza saria irabaztea, ‘Ez tiro egin anbulantziei’ (Elkar, 2015) bere lehen eleberria argitaratzea ahalbidetu zuena. Obra honek desagertzen ari den mundu bat aztertzen du, berri bat sortzeko ahaleginean. Literaturan performatibitatearen indarrarekiko duen interesak, Igor Arzuaga musikariaren laguntzarekin Piszifaktoria Ideien Laborategia sortzera bultzatu zuen, diziplina desberdinak uztartzen dituen esperimentazio taldea.

2020an, Mikel Ayllonek Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria irabazi zuen ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’ ipuin liburuarekin. Lan hau munduan oraindik zoriontasunik kabitzen ote den jakiteko ahalegina da. Liburu horretako bi ipuin eraman zituen oholtzara ´Piszifaktoriak´, antzerkian gero eta ausardia handiagoa erakutsiz. Geroago, ‘Noiz utziko dio euria egiteari’ eta ‘Asfaltoaren azpian euria’ kale ikuskizunek Euskal Herriko antzerki jaialdi nagusietan arrakasta handia izan zuten.

2023an, ‘Esperoan’ liburu kolektiboan parte hartu zuen, Samuel Beckettek euskal antzerkian izandako eragina aztertuz. Bere azken liburuak, ‘Hau ez da gerra bat’, hiru obra dramatiko biltzen ditu eta fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak esploratzen jarraitzen du. Urte honetan, ‘Hau gerra bat da’ izeneko ikuskizuna estreinatu du, Hizkibridoak bekari esker, idazle eta zuzendari gisa duen papera sendotuz.

MIkel Ayllon - Hau ez da gerra bat

Estiloa: bizitza eta fikzioaren arteko eztanda

Ayllonek bere zauri unibertsalei buruz idazten du, mundua ulertzeko ahalegin ia desesperatu batean. Bere obrek giza harremanez, zoriontasunaz, maitasunaz, gerraz, pobreziaren eta bazterkeriaren gaiak jorratzen dituzte, irakurlearekin konexio sakon bat bilatuz. Idaztea eta sortzea ekintza kolektibo bat bezala bizi du, elkarrizketa eta harreman bat dira berarentzat. Bizitzari adi egoten da, kontzertuetan, antzokietan, zineman edo parkeko banku batean eserita, beti istorio berriak bilatuz.

“Idatzi dut nitaz, baina idatzi nahi dudalako gutaz”

Idazketa literarioa munduan egoteko modu bat bezala bizi du. Nahiz eta mundu ulergarriago batean bizi nahi duen, mehatxu ulertezinik gabe, bere misioa idazten jarraitzea da. Bere obran, fikzioaren bidez errealitatean eragiteko eta hura aldatzeko saiakerak egiten ditu, erresistentzia eta eraldaketa txikiak gauzatuz.

Esplorazioak eta mugak: fikzioaren magia errealitatean

Bere literatura lorpenez gain, Ayllonek transmedia narratibak ere esploratu ditu.  EiTB taldearentzat webserie bat sortu eta idatzi zuen: ‘Daniel(a)’. Bilboko Seriesland jaialdian euskarazko webserie onenaren saria irabazi zuen.

Azkenaldian, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak ikertzea bihurtu da bere ardatz nagusia. Fikzioa ere errealitatearen parte dela azpimarratzen du, eta errealitatea geure buruari eta elkarri kontatzen diogun fikzio bat baino ez dela. Fikzioaren bidez errealitatea aldatu dezakegula nabarmentzen du, edertasunetik, maitasunetik eta kolektibotik abiatuta. Bere erronka handiena bide horretan beste askok eman dituzten pausoetan berea gehitzea da, errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanetan sakontzeko eta eraldaketarako bide berriak irekitzen jarraitzeko.

Mikel Ayllon - Daniel(a)

‘Hegan egiteko gogoa da’: ikuskizun ikusezina

Mikel Ayllonek literatur egonaldia egin du Bartzelonan, Etxepare Euskal Institutuak Bartzelonako Udalarekin kolaborazio batek ahalbidetuta. ‘Hegan egiteko gogoa da’ lana garatu du bertan., antzezlanaren eta instalazio artistikoaren arteko hibridoa izango dena.

Obra osasun mentalaren gaia jorratzeko interesetik sortu zen, mendebaldeko gizarte aberatsetan osasuna ulertzeko modua kritikatzeko helburuarekin. Labean dagoen proiektu honek, jendea produktibitatearen arabera osasuntsu edo gaixotzat hartzen dela eta kapitalismoaren produktibitatearen erritmoari eutsi ezin diotenak baztertuak direla salatu nahi du.

Eskizofreniarekiko interesa abiapuntu, gaixotasun honen sintomak aztertu ondoren, bere buruarekin antzekotasunak aurkitu zituen, nahiz eta diagnostiko ofizialik ez izan. Pertsona askok bezala, bera ere funtzionala eta produktiboa denez, ez da gaixotzat hartzen, nahiz eta denok noizbait hondoa jo, apurtu edo baztertuta sentitu garen. Obraren bigarren zatian, osasun mentalaren inguruko hausnarketa beste kolektibo baztertu batekin lotzen du: itsuak edo ikusmen arazo larriak dituzten pertsonak.

Ayllonek ikusmenik behar ez zuen antzezlan bat sortu nahi du, periferikoa dena erdigunera ekarriz. Bi ideia hauek batuz, aldarrikatu nahi dikusi ezin ditugun edo ikusi nahi ez ditugun gauzak ez direla desagertzen; usaina, testura eta soinua dute gauza horiek. Horrela hasi zuen bere barne bidaia, ikuskizun ikusezin bat sortzeko helburuarekin.

Euskal lilteraturaz gehiago jakin nahi? Deskargatu doan liburu hau.

Etxepare Euskal Institutua eta artista

Etxepare Euskal Institutuak ahalbidetuta eta deialdi publiko baten ondorioz, Mikel Ayllonek hiru asteko literatura egonaldia egin du Bartzelonan, Barcelona Ciutat de la Literatura egitasmoaren baitan. ´Hegan egiteko gogoa´ proiektuaren gidoia landu du bertan, antzezlana eta instalazio artistikoaren arteko hibrido bat. Euskal Herri bi antzerki konpainia profesionalek taularatuko dute 2025ean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu