Flandriarekin kooperazio teknikoa sustatzeko dirulaguntzak martxan dira

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-01-18

Flandriarekin kooperazio teknikoa sustatu eta lankidetza proiektuak sustatzeko dirulaguntzak martxan dira. Kultura eta sorkuntzaren alorrean Flandria eta Euskadiren arteko harremanak sakontzeko helburuz topaketa profesionalak egin ziren 2021 eta 2022an, eta orain, bi herrialdeetako eragileen artean lankidetza proiektuak sustatzeko deialdi bana aterako dute Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako gobernuak. Eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 19tik otsailaren 19ra egongo da zabalik.

Flandria Euskadiren nazioarteko Bazkide Estrategikoen Sareko kide izanik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu du deialdia. EAEko sortzaile eta kultur eragileei zuzenduta dago, eta Flandriarekin kooperazio teknikoa sustatzea du helburu. Diru-laguntza guztietarako 40.000€ko zuzkidura orokorra izango da eta proiektu bakoitzeko jasoko den diru-laguntzaren zenbateko osoa ezin izango da 5.000 eurotik gorakoa izan.

Flandriako Kantzilergo eta Atzerri Ministerioak bigarren deialdi bat aterako du astelehenean, urtarrilak 23, eta Flandriako sortzaile eta kultur eragileei egongo da zuzenduta. Horren bidez, bi herrialdeen arteko elkarlan kulturalerako sareak eta proiektuak sortuko dituzte gurean ere.

Izan ere, bi deialdion xedea da 2023 osoan zehar FLANDERS – BASQUE COUNTRY lankidetza kulturala garatzea.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu