Flandria eta Euskadiko eragileak elkartu dira bi herrialdeen arteko kultur harremanetan sakontzeko
Euskara. Kultura. Mundura.
Flandiar eta euskal sortzaileen arteko elkar topaketa profesionalak antolatu ditu Etxepare Euskal Institutuak, horien arteko ezagutzea areagotzeko, kultur trukaketak sustatzeko eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin. Arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko hamabost flandriar eragile bilduko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon antolaturiko jardueretan astelehenetik asteazkenera, hau da, hilaren 15etik 17ra. Lan bilerak egiteaz gain, hainbat jarduera kulturaletan ere parte hartuko dute.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin elkartu ostean, Iñigo Urkullu Lehendakariak harrera egin zien astelehenean Lehendakaritzan. Hizkuntza, kultura eta sormen industrien alorreko 15 erakundetako ordezkariek Gasteiz, Donostia eta Bilbon egingo diren kultur topaketa profesionaletan hartuko dute parte, 30 euskal eragile ingururekin batera.
Eragileokin batera bertaratu da Euskal Herrira Jan Jambon Flandriako ministro-presidentea. Izan ere, elkar ulertzeko memorandum berria sinatu zuten (MoU) Urkulluk eta biek astelehenean, 2015ean sinatu zuten lankidetza-akordioa indartzeko. Euskadik eta Flandriak orain arte izan dituzten lankidetza-esparruak errepasatu zituzten, eta bi lurraldeek dagoeneko lankidetzan ari diren arloen balantzea egiteko ere balio izan zien topaketak, hala nola kultura- eta sormen-industriak, bioteknologia, adimen artifiziala, klima-aldaketa edo turismoa. Lan-eremu berriak aztertu zituzten, digitalizazioa eta zibersegurtasuna, besteak beste. Gainera, pandemiaren ondoriozko egoerari eta etorkizuneko aurreikuspenei buruzko ikuspegia partekatu zuten bi presidenteek.
“Flandes eta Euskadi integrazio europarrarekin konpremitutako bi errealitate nazional gara”, adierazi du lehendakariak. Flandriak Quebec eta Eskoziaren lekukoa hartuko du.
Kultur topaketa profesionalak
Astelehenean hasi eta asteazkenera arte, eragileek aukera izango dute ezagutzeko euskal hiriburuko Santa Maria katedrala, Donostiako Tabakalera, Chillida Leku, Artium, Guggenheim eta Arte Ederren museoak, Albaola Itsas Faktoria edota Azkuna Zentroa, besteak beste.
Elkar ezagutzea areagotzeko, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatzeko, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatzeko, esperientzia eta ezagutza trukatzeko, eta kultur erakusleihoak eratzeko helburuarekin antolatu ditu Flandria eta Euskadiko kultur eragileen arteko topaketa hauek Etxepare Euskal Institutuak.
Guztira, arte eszenikoen, zinema eta ikus-entzunezkoen, literaturaren, musikaren, artearen eta hizkuntzaren alorreko hamabost flandiar eragile, publiko zein pribatu, eta hogeita hamar bat euskal eragile bilduko dira Gasteiz, Donostia eta Bilbon antolaturiko jardueretan.
Flandriako eragileen artean daude: Cirklabo, COMAV / FeBeME-BeFEM, Constant: Association for Art and Media, Cultural Department of the City of Leuven, Curating the Young, Flanders Arts Institute, Flanders Literature, Hiros, LLS Paleis, Mama’s Open Mic, Nadine & BYSTE, Out of Sight, SoundImageCulture – SIC, eta Z V E Z D O L I K I ensemble.
Haiekin elkartuko diren euskal kultur eragileen zerrenda osatzen dute, bestalde, Artekale, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Artium Museoa, Asociación de Escritores de Euskadi - Euskadiko Idazleen Elkartea, Azkuna Zentroa, Bilbao Fine Arts Museum, Bitamine Faktoria, Dantzaz, Danzalava, Deabru Beltzak, Duo Olaia & Gilles, Eremuak, Eskena, Etxepare Euskal Institutua, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Irudigileak, Eusko Jaurlaritza Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Fundación Catedral Santa María, Gremio de Editores de Euskadi / Euskadiko Editoreen Elkartea, Mari Zaunka 46, MIE Musika Industriaren Elkartea, Musika Bulegoa, Musikari, Okela, Tabakalera eta Zirkozaurrek.