Flandriak Euskadirekin partekatu du kultura eta sormen industrien inguruko apustua

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-02-22

‘Sormenaren sustapena Flandrian’ jardunaldia egin zen atzo Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, lurralde horretako Kultura eta Sormen Industrien (KSI) garapenaren ingurukoa. 2015ean Eusko Jaurlaritzak eta Flandriako Gobernuak sinatutako lankidetza-akordioaren esparruan antolatu zen jardunaldia, eta bertan Flanders District of Creativity-ko (Flanders DC) ordezkariek hartu zuten parte, Flandriako Exekutiboak enpresen eremuan sormena bultzatzeko sortutako erakundeko kideek.

Jardunaldian, Kultura eta Sormen Industrien alde egindako apustua azaldu zuten Flanders DCko arduradunek, lurralde horretako kulturaren eta sormenaren inguruan berrikuntza bultzatzeko aukera bat den aldetik. Hala, Pascal Cools Flanders District of Creativity-ko zuzendariak eta Carlo Vuijlsteke sormen-distritua sareko koordinatzaileak Kultura eta Sormen Industriei lotutako sektoreetan berrikuntza bultzatzeko tresnak ezagutzera eman zituzten, baita programa zehatz batzuk ere, diseinua, moda edo bideo-jokoak bezalako sektoreen ingurukoak.

Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek adierazi zuenez, “garrantzi handiko apustua egiten ari da Euskadi Kultura eta Sormen Industrien alde, eta Flandria erreferentzia da eremu horretan”. “Hau bezalako jardunaldiak balio handikoak dira esperientziak trukatzeko eta etorkizuneko lankidetzei bide emateko”, adierazi zuen. Bilbon egingo duten egonaldian, Flandriako ordezkariek Azkuna Zentroa bisitatuko dute, baita Zorrotzaurreko ZWAP proiektua ere, erreferentziazko gunea KSIentzat Bizkaiko hiriburuan.

KSIen aldeko apustua

Eusko Jaurlaritza Creadis 3 Europako proiektuaren buru da; Kultura eta Sormen Industrien (KSI) eremuko ekimena da hau eta Europar Batasuneko sei lurralde lotzen ditu. Proiektu horretan, Euskadirekin batera, Estatu batek eta Europako lau lurraldek parte hartzen dute: Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Grezia. KSIen ikuspegiak sormenari lotutako diziplinak gehitzen ditu kulturaren eremuan, tradizioz kulturaren ertzetan kokatu izan direnak (diseinua, moda, gastronomia, bideo-jokoak…), artearen eta industriaren erdibidean dauden arloetan, alegia. Gainera, Eusko Jaurlaritzaka hainbat diru-laguntza lerro bultzatzen ditu KSIak Euskadin sustatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu