Creadis3: KSIen alorrean Euskadi erreferente bilakatzeko proiektua
Euskara. Kultura. Mundura.
Nola txertatu Kultura eta Sormen Industriak (KSI) lurralde garapenerako politika publikoetan? Nola uztartu kultur politikak eta garapen ekonomikorako estrategiak? Zer egin KSIek lurralde garapenari egiten dioten ekarpena handitzeko? Creadis3-Smart Creative Districts proiektu europarrak Euskadin eta Europako beste bost lurraldetan (Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Grezia) KSIak garatzeko aldez aurreko baldintza positiboak eta ekosistema erakargarria sortzea du helburu.
Nola txertatu Kultura eta Sormen Industriak (KSI) lurralde garapenerako politika publikoetan? Nola uztartu kultur politikak eta garapen ekonomikorako estrategiak? Zer egin KSIek lurralde garapenari egiten dioten ekarpena handitzeko? Creadis3-Smart Creative Districts proiektu europarrak Euskadin eta Europako beste bost lurraldetan (Eslovakia, Erdialdeko Finlandia, Emilia-Romagna, Valonia eta Mendebaldeko Grezia) KSIak garatzeko aldez aurreko baldintza positiboak eta ekosistema erakargarria sortzea du helburu.
Euskadiko Artxibo Historikoan aurkeztu zuten atzo proiektua Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kulturako sailburuorde Joxean Muñoz eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluzek. Eusko Jaurlaritzak gidatuko duen ekimen honi esker Euskadi erreferentziazko gune izango da Europako ekonomian gero eta pisu handiagoa duen esparru honetan, eta bere politika kulturalak hobetu ahal izango ditu. Etxepare Euskal Institutua arduratuko da proiektuan parte hartzen duten lurraldeen arteko koordinazioaz.
Creadis3 proiektua 2017-2021 urteen artean burutuko da, 1,46 milioi euroko aurrekontua izango du -%85 Interreg Europetik (Europako Eskualde Garapenerako Funtsa) finantzatuko da- eta Euskadik 475.279 euro izango ditu programa garatzeko.
Ekimenak bi asmo nagusi ditu: lurraldeetako politika publikoen agendak koordinatzea eta KSIen arloan Europako eskualdeetan berrikuntza eta garapen ekonomikoa sortzea helburu duten politika efizienteagoak garatzen laguntzea. Gobernantza instituzionala hobetzea eta, aldi berean, KSIek eskualdeen garapenean irmotasunez laguntzea da, beraz, proiektu honen helburua.
Hori lortzeko bigarren mailako honako helburu hauek jarraituko dira:
• Administrazio maila ezberdinen artean elkarlana sustatzea KSIen ardura duten agintarien arteko sinergiak bideratzeko.
• Kultur politikak eta garapen ekonomikorako politikekin uztartzea KSIentzat berrikuntza-politika eraginkorrak lortzeko.
• Nazioartean lurraldeen erakargarritasuna babestea eskualdearen ahalmen sortzailean inbertsioak areagotzeko eta talentua duten ekintzaileei bertan eusteko.
• Zentroen, laborategien, klusterren, haztegien, unibertsitateen, parke zientifikoen eta abarren tokian tokiko ekosistemaren baitan zeharkako elkarlana hobetzea.
• Sektore kulturalen eta teknologikoen hazkundea hobetzea zeharkako eraginak abiarazteko.
• ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainak) nazioartekotzen laguntzea, ikerketaren eta gaitasunen arloan eta berrikuntzarako azpiegituretan negozio-eredu berriak eta gaitasunak sortzearen bitartez.
Proiektua bi fasetan gauzatuko da. 2017 eta 2019 urteen artean parte hartzen duen lurralde bakoitzaren diagnostikoa burutuko eta ekintza plana idatziko da. 2019tik 2021era ekintza plana martxan jarri eta emaitzen ebaluaketa egingo da.
Proiektuaren aurrekariak
Creadis3 proiektuaren aurrekariek zerikusi zuzena dute 2014an sortu zen Regional Initiative For Culture and Creativity (RICC) ekimenarekin. Europako sare informal hori Europako lurralde ezberdinetako 25 gobernuk eta hirik osatzen dute. Sare horri esker Europako erakundeen eta KSIen esparruan berrikuntzan interesa zuten alderdien arteko elkarlana sakondu ahal izan zen.
Hainbat lan egin ondoren eta KSIen garrantzia ikertu ondoren, RICC sarearen ondorioa izan zen KSIen agenda estrategikoak falta zirela. Sarearen ondorioen arabera, beraz, koordinazio handiagoa behar zen KSIen ahalmena garatzeko eta horien berrikuntza sendotzeko ingurune egokia eta aldez aurreko baldintza positiboak sortzeko.
Euskadik bere gain hartu zuen RICC sarearen gomendioak aplikatzeko ekimena eta, Kultura Sailak, Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta RCC sarearekin elkarlan estuan, proiektua garatzeko funtsak eskatu zituen Interreg Europe-en (Europako Eskualde Garapenerako Funtsa) bitartez.
KSIak Euskadin
Kulturaz izan den definizio tradizionalaz haratago, KSIen ikuspegiak bere baitan hartzen ditu kulturaren alboetan egon ohi diren diziplinak (diseinua, moda, gastronomia, bideo-jokoak...), artearen eta industrian bitartean koka daitezkeenak.
Euskadin aitortzen da kultura, sormena eta KSIak ekonomiaren hazkundearen iturri direla, eta tokian tokiko eta eskualdeetako garapenerako potentzial handia dutela. Sektore horrek 14.000 enpresatik gora ditu Euskadin, 71.000 pertsonari ematen die lana eta BPGri egiten dion ekarpena %3a eta 6%aren artea kokatzen da, 2014an Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txosten baten arabera.
Euskadin, 2015eko urrian sartu ziren espezializazio adimentsuaren euskal estrategian (RIS3) Kultura eta Sormen Industriak. Estrategia horren baitan kultura eta sormena aukera gisa identifikatu dira eta Euskadi alor honetan aurrera pauso garrantzitsuak emateko leku onean kokatuta dagoela ondorioztatu da.