Edinburgoko Fringe jaialdia, 2025: DAB eta Cielo Raso konpainiak

2025/03/28

Euskara. Kultura. Mundura.

Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko bi konpainia profesional hautatu dituzte, mundu mailako erakusleihoa den jaialdian parte hartzeko. 

Edinburgh Festival Fringe munduko kultur ekitaldi handienetariko eta garrantzitsuenetako bat da. Urtero ospatzen da Edinburgon, Eskozian, abuztuan zehar, Edinburgoko Nazioarteko Jaialdiarekin batera. Artistentzat oso plataforma garrantzitsua da, bai ikusgarritasunagatik eta baita nazioarteko kulturgileekin networking aukeragatik, baina konpainiek ahalegin ekonomiko handia eta antolakuntza ona egitea beharrezkoa da ikusgarritasuna izateko. Fringe-ra joaten diren mundu osoko enpresa gehienek inbertsio ekonomiko handia egiten dute bertan egoteko.

Etxepare Euskal Institutuak, ADDE Euskal Herriko dantza profesionalen elkartearekin elkarlanean, 2025ko abuztuan ospatuko den Edinburgh Festival Fringe jaialdian (Edinburgo, Eskozia) parte hartzeko deialdia zien Euskal Herriko konpainia profesionalei. 

Lankidetza honi esker, Dance Base – National Centre For Dance-k, aurten, 2 euskal konpainia hautatu ditu 2025ko jaialdiaren egitarauan: DAB konpainia eta CIELO RASO konpainia. 

DAB konpainia 

Marina Eskisabel eta Iker Sanz dira DAB konpainiaren sortzaileak

Marina eta Iker, dantza maite duten bi arima dira eta Dantzaz konpainian ibili ziren. Esperientzia partekatu horrek elkarlan baten garra piztu zuen, geroago DAB dantza konpainian gauzatuko zena. 2022an, proiektu berri honetan murgiltzea erabaki zuten, dantza gizarteko gai garrantzitsuak aztertzeko eta komunikatzeko tresna gisa erabiltzearen ikuspegia partekatuz.

DAB konpainiak ´Noeud´ ikuskizunaren 6 emanaldi eskainiko ditu Abuztuaren 19tik 24ra, Edinburgh Festival Fringe jaialdiaren programazioan.

Cielo Raso konpainia

Cielo Raso dantza konpainia Igor Calonge koreografo eta dantzariak sortu zuen 2010ean Euskal Herrian, eta identitate handia du bere adierazpen kultural eta artistikoan.

Identitate hori eta garaikidetasuneranzko aldaketa da Cielo Rasoren lanaren oinarria. Tradizioaz, gorputzaren indarraz, erresistentziaz, borroka primitiboaz, sinbologiaz eta poetikaz baliatzen da, beti hizkuntza fisiko berria eta emaitza arriskutsua eskaintzeko. Eszena tratatzerakoan ere estilo propio nabarmena lortu du Cielo rasOk. Bere apustuak errekonozimendua irabazi du nazioarteko panoraman. 18 sorkuntzek lanaren intentsitateari balioa ematen diote.Bere ekoizpenak Frantzian, Italian, Polonian, Brasilen, Mexikon, Argentinan, Panaman, Paraguain eta Finlandian izan dira.

Cielo Raso konpainiak “Née” ikuskizunaren 6 emanaldi eskainiko ditu, Edinburgh Festival Fringe jaialdiaren programazioan.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu