Amorante, Hofe X 4:40, Merina Gris eta Maren Artistas en Ruta programaren hurrengo zikloan
Euskara. Kultura. Mundura.
AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2024. urteko lehenengo seihilekoan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Amorante, Hofe x 4:40, Merina Gris eta Maren.
AIEnRUTa- Artistas zuzeneko musika indartzeko eta talentu berriak publikoari hurbiltzeko programa bat da, estatu osoko zuzeneko musika aretoetan emanaldien zirkuitu baten bidez. Gaur egun ezagunak diren hainbat talde edo bakarlarik zirkuitu honetan parte hartu dute dagoeneko, esaterako, Neomak, Airu, Kulto Kultibo, Verde Prato, Amak, Lukiek, Ezpalak, Bulego, Idoia, Dupla, Olatz Salvador, Zetak, Xabi Aburruzaga edo Liher.
AIEnRuta programaren urteroko edizio bakoitzak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratu ditu taldeak. 2023ko azken hiruilekoan Ødei, Parabellum, MICE eta Olaia Inziarte taldeek kontzertuak emango dituzte estatuan zehar, zirkuituaren babespean.
Etxepare Euskal Institutuak AIEnRUTa-Artistas programa babesten du, urtero egiten diren bi zirkuito deialdietan (urtarrila- ekaina eta iraila-abendua) euskal musikarien presentzia bermatzeko.
Amorante Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. Artistak berak ‘musika herrikoi’ gisa definitzen du bere musika, inprobisazioarekin jolasten du bere abestietan. Antzinako eta abangoardiako musikarako bidaia diren konposizioak sortzen ditu, non aldakortasuna eta esperimentazioa ezinbestekoak diren.
HOFE x 4:40 da Igotz Mendez abeslariak (Hofe) eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleek (4:40) osatzen duten proiektuaren izena. Nahiz eta hiru gazte hauen arteko musika batasuna nahiko berria izan, hirukoteak bost urte baino gehiago daramatza Iruñeko eszenan, aurretik Nibbass bere aurreko kolektiboarekin musikan arituak, zeinarekin Euskal Herriko underground eszenan ospe handia lortu zuten.
Merina Gris 2020 urtean Donostian sorturiko musika taldea da. Sara, Julen eta Paskalek osaturiko taldeak, pop musika sortzen du, sintetizadore efektu indartsuz lagunduta. Maila lirikoan, gaur egungo gure gizartean norbera izateko barne-borrokari buruz hausnartzen du taldeak. Estetikoki zaindutako eszenaratzea dute, ikus-entzunezkoa beren artista imajinarioaren parte baita.
Maren hamaika urterekin hasi zen bere lehen abestiak idazten. 14 urterekin "Alguien Sin Vergüenza" lehen EPa aurkeztu zuen, Bartzelonako 48 Volts estudioan grabatua, John Caballés ekoizle kataluniarrarekin batera. Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abestiak nahasten zituen. 2021ean bere azken EP-ak argitaratu zituen: ‘Margaritas y Lavanda’ eta ‘Begixetan’, azken hau, euskara hutsean.
Etxepare Euskal Institutua eta zirkuitua
Zuzeneko musika estatu mailan sustatzeko xedea duen programa da Artistas en Ruta, eta helburu hori betetzeko zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte musika aretoekin elkarlanean, hainbat hilabetez luzatzen diren zirkuituan. Zirkuituak bi fase ditu (urtarrila- ekaina eta iraila- abendua), eta bakoitzean industriako kazetari eta adituek egiten dute zirkuituan parte hartuko duten musikarien aukeraketa. Aukeratutako 18 taldeek estatu osoko aretoetan aritzeko aukera izango dute urtearen hirugarren lauhilekoan. Horietatik, lau talde euskaldunak dira. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenak urtero zirkuituan euskal musikarien presentzia bermatzen du.