Ødei, Parabellum, MICE eta Olaia Inziarte aukeratuak izan dira Artistas en Ruta zirkuituan
Euskara. Kultura. Mundura.
IE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en Ruta estatu mailako musika zirkuituak jada aditzera eman ditu 2023ko irailetik abendura zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten taldeak. Lau euskal talde izan dira hautatuak: Ødei, Parabellum, MICE eta Olaia Inziarte.
Proiektu honen helburua talentu berria publikoari hurbiltzea da. Gaur egun ezagunak diren hainbat euskal talde edo bakarlari Artistas en Ruta programan parte hartu dute aurretik Dupla, Idoia, Amak, Bulego, Ezpalak, Lukiek, Verde Prato eta Neomak, besteak beste.
Ødei (Odei Barroso) bertsolari eta raperoa da. 2zio taldearekin hiru disko kaleratu eta taldea desegin ondoren, bere bakarkako ibilbideari ekin dio raperoak. Bere azken lanak (‘Terapia’, 2022) ez du batere antzik aurretik plazaratutako lanen, trap eta drill erritmika eta soinu-estetika berria dituen proposamena egin du. Raperoa izatetik bere buruarentzako musika ekoizle izatera ere bilakatu da, berak eta Jo Olaskuagak osatzen duten Alkimia Prod izenpean.
Parabellum 80ko hamarkadan sortutako Punk-Rock taldea da. 90. hamarkadako rock talde esanguratsuenetako bat izan zen Barakaldoko banda, eta hainbat urte geldirik egon ostean, 2022an kaleratu zuten haien azken lana ‘El grito del hambre’ (2022). Egun Josu Korkostegi (ahots nagusia eta bateria), Lino Prieto (baxua eta azpi-ahotsak), Pedro de la Osa (gitarra eta azpi-ahotsak) eta Iñaki Setien (gitarra) dira Parabellum.
MICE. Miren Narbaiza Martiartu da MICE taldea osatze duen musikaria. ´Napoka Iria´taldean hainbat urtez aritu ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion. Jada, hiru disko kaleratu ditu: ‘MICE’ (2017, ‘Zilar Printzak’ (2019) eta ‘Lautada’ (2022). Ahotsa instrumentu gisa erabiltzen du eta era berean, kantuaren beraren sorkuntza, eredu eta soinu beretan ez erortzeko ahaleginean, grinatsua da. Bere azken lanak soinu rockeroen eta esperimentalagoen artean eramaten du entzulea. Joseba B. Lenoirrek ekoizten du musika.
Olaia Inziarte musikari nafarra da. Beti egon izan da musikari erabat lotuta, influentzia zahar eta garaikideak jaso ditu. Egun, bere bakarkako bidea lantzen ari da, ‘Lehengo Lepotikan Burua’ (2022) proiektuari hasiera emanik. Iker Lauroba eta Chica Sobresaltorekin batera ere aritzen da, teklatu eta koroetan.
Zuzeneko musika estatu mailan sustatzeko xedea duen programa da Artistas en Ruta, eta helburu hori betetzeko zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte musika aretoekin elkarlanean, hainbat hilabetez luzatzen diren zirkuituan. Zirkuituak bi fase ditu (urtarrila- ekaina eta iraila- abendua), eta bakoitzean industriako kazetari eta adituek egiten dute zirkuituan parte hartuko duten musikarien aukeraketa. Aukeratutako 18 taldeek estatu osoko aretoetan aritzeko aukera izango dute urtearen hirugarren lauhilekoan. Horietatik, lau talde euskaldunak dira. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenak urtero zirkuituan euskal musikarien presentzia bermatzen du.