Aldakan, Capsula, EZEZEZ eta J Martina Artistas en Ruta programaren hurrengo zikloan parte hartzeko hautatuak izan dira

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-04-12

AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen Artistas en ruta estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2024. urteko azken hiruhilekoan zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Aldakan, Capsula, EZEZEZ eta J Martina.

AIEnRUTa- Artistas zuzeneko musika indartzeko eta talentu berriak publikoari hurbiltzeko programa bat da, estatu osoko zuzeneko musika aretoetan emanaldien zirkuitu baten bidez. Gaur egun ezagunak diren hainbat talde edo bakarlarik zirkuitu honetan parte hartu dute dagoeneko, esaterako, Amorante, Hofe x 4:40, Merina Gris, Neomak, Airu, Kulto Kultibo, Verde Prato, Amak, Lukiek, Ezpalak, Bulego, Idoia, Dupla, Olatz Salvador edo Zetak.

AIEnRuta programaren urteroko edizio bakoitzak bi ziklo ditu: lehenengoa urtarriletik ekainera eta bigarrena irailetik abendura. Estatu osoko kazetari, areto-programatzaile eta kultura-kudeatzaileek osatutako batzorde batek aukeratu ditu taldeak. 2024ko ekainera bitartean, Amorante, Hofe x 4:40 eta Merina Gris taldeek kontzertuak emango dituzte estatuan zehar, zirkuituaren babespean.

Etxepare Euskal Institutuak AIEnRUTa-Artistas programa babesten du, urtero egiten diren bi zirkuito deialdietan (urtarrila- ekaina eta iraila-abendua) euskal musikarien presentzia bermatzeko.

Aldakan

2017an lagun talde bat elkartu eta Aldakan sortu zuen, erritmo afrolatinoekiko interesak eta jo, deskubritu eta aurkikuntza bakoitza partekatzeak ematen duen plazerak bultzatuta. Lehendik ere kide gehienek lan egin zuten elkarrekin Gasteiz Big Band, Ortophonk eta Turukutupa taldeetan.

Publikoarekin konektatzeko nahi bizia da proiektu honen muina, eta asmo hori agerian geratzen da beren kontzertuetako bakoitzean, eta Cumbia, Funk, Afrobeat, Chamame, Songo, Festejo, Plena eta Swing erritmoak biltzen dituen errepertorioan.

Hala, ospakizun bat da Aldakanen kontzertuetako bakoitza, non uztartu egiten diren dantza eta jarrera askea.

Capsula

Euskal Herrian 1998az geroztik finkatuak, Martín Capsula (gitarra eta ahotsa) eta Constanza Lísica Godoy (baxua eta ahotsa) argentinarrak buru dituen proiektua da Capsula. Rock-and-roll ilunare, psikodelikoaren eta punkaren zaleak dira, eta urte gutxiren buruan, estatuko rock talderik aktiboenetako bat bihurtu ziren.

Bere musikak garage, glam eta punk rock doinuak uztartzen zituen. 2021ean hamahirugarren diskoa kaleratu zuten: ‘Phantasmaville’.

EZEZEZ

2022an Unai Madariagaren eskutik jaiotako taldea da. Unairen bakarkako lehenengo lanak (The living and dying of a man, 2021) Eneko Ajangiz izan zuen produktore, eta sortutako sinergia horrek jarri zuen taldea sortzeko hazia. Aurrerago Alvaro Olaetxea (Capsula) eta Mikel Irigoyen batu zitzaizkien. 2022ko urrian atera zen EZEZEZ taldearen lehen diska, “When I think something is funny I smile” izenekoa, 14 abesti- rekin.

Taldearen azken lana, ‘Katuzaldia’ (2023), aurrekoaren energiaz eta ironiaz beteta dago, baina bandaren soinua gehiago definitzen duen albuma da, nola edo hala bere bidea erakutsiko duena. Album i honen soinua Viagra Boysen eta Parquet Courtsen arteko nahasketa baten emaitza da, Idlesen bidez iragazi eta grunge hasiberriaren eta psikodelia setentearen begiradapean egina. Abesti guztiak euskaraz idatzita daude.

J Martina

J Martina pop elektronikoa lantzen duen talde gaztea da. Base elektronikoak, sarritan sintetikoak, ahots melodikoekin nahasten dira haien abestietan. Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javier Jorajuriak osatzen dute taldea eta ahizpen konplizitatea, soinu garaikideen bilaketa eta artearekiko lotura somatzen da haien proposamenean.

Hainbat single kaleratu ondoren, 2022an ‘Jaio naiz baina’ EPa argitaratu zuen J Martina hirukoteak, 6 abestiz osatutako lana. ‘Jaio Naiz Baina’, Sahatsa Jauregiren artistarekin batera egindako lana da, zeinak altzairuzko, kristalezko, ispiluzko eta egituraz osatutako unibertso bisual bat diseinatu duen diskoaren irudia izateko.

Etxepare Euskal Institutua eta zirkuitua

Zuzeneko musika estatu mailan sustatzeko xedea duen programa da Artistas en Ruta, eta helburu hori betetzeko zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte musika aretoekin elkarlanean, hainbat hilabetez luzatzen diren zirkuituan. Zirkuituak bi fase ditu (urtarrila- ekaina eta iraila- abendua), eta bakoitzean industriako kazetari eta adituek egiten dute zirkuituan parte hartuko duten musikarien aukeraketa. Aukeratutako 18 taldeek estatu osoko aretoetan aritzeko aukera izango dute urtearen hirugarren lauhilekoan. Horietatik, lau talde euskaldunak dira. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenak urtero zirkuituan euskal musikarien presentzia bermatzen du.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu