Abian da ´AT! Itzulpenak: Literatura´, euskal literaturaren itzulpena sustatzeko dirulaguntza
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuaren lan-ildo nagusietako bat euskal literatura nazioartean sustatzea da. Horretarako, itzulpengintza sustatzeko dirulaguntzen deialdia jartzen da martxan urtero. AT! Itzulpenak: Literatura izenburupean, euskal literaturaren itzulpena sustatzeko eta euskal idazleak eta hauen lanak nazioarteko merkatuan zabaltzen laguntzeko xedea izaten jarraitzen du.
Aurten, 63.000 euroko zuzkidura izango du deialdiak. Dirulaguntza honen bidez, itzulpen- jarduera hauek lagunduko ditu Etxepare Euskal Institutuak:
- Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak edozein hizkuntzatara itzultzea.
- Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-lanak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
- Argitaletxeentzako edizio eta sustapen gastuak.
Proposamenak bidaltzeko epea ekainaren 15etik uztailaren 15era egongo da zabalik.
Bestalde, literatura-laginak atzerriko hizkuntzetara itzultzeko deialdia – AT! Itzulpenak: literatura- laginak (2024), eta nazioarteko mugikortasuna sustatzeko bidaia-poltsen deialdia - AT! Literatura (2024)- ere zabalik daude.