Zabalik dago Musika Bulegoa Sariak 2022rako proposamenak aurkezteko epea
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak (EHMBE) Musika Bulegoa Sariak ekimenaren VI. edizioa jarri du martxan. Euskal musikagintzako eragileek euren proiektu proposamenak aurkezteko fasea gaurtik 2022ko otsailaren 10era arte egongo da zabalik. Aurtengo sari banaketa ekitaldia datorren maiatzaren 17an izango da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC).
Gaur goizean BECen egin den ekitaldian parte hartu dute: Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea; Begoña Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendaria; Aitor Bengoetxea, Musika Bulegoko presidentea; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; eta Ander Toña, LABORAL Kutxaren izenean.
Musika Bulegoa Sariak ekimenaren VI. edizioaren helburu garrantzitsuenetako batzuk dira euskal musikaren sektoreari balioa ematea, artisten sorkuntza-lanak sustatzea, haien lanak ezagutaraztea eta bultzada eta erakusleiho izatea. Azken finean, Musika Bulegoak bultzatutako ekimenaren helburua Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea aintzatestea da, baita euskal musikarien eta musikaren sektoreko eragileen jarduera ere.
Garrantzitsua da nabarmentzea aintzatespen horietan ez dagoela inolako kategorizaziorik. Hau da, kontua ez da sarituen artean ranking bat ezartzea. Alderantziz. Helburua da egindako lanak baloratzea eta euskal kulturari egindako ekarpena nabarmentzea.
MBS Sariak 2022
Adituek (musikariak, kazetariak, musika-programatzaileak, hezkuntzaren eta kulturaren arloan lan egiten duten hainbat lagun ere…) osatutako epaimahaiak baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak, eta 10 sarituetatik 8 aukeratuko ditu. Gainera, aurreko edizioetan bezala, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezi bat emango dio Euskal Herriko musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntza, sentsibilizazio edo hedapenaren alorretan proiektu nabarmena gauzatzeagatik. Hau da proposamenak aurkezteko bete beharreko formularioa.
Etxepare Euskal Institutuak beste sari bat emango du. Kasu horretan, artista edo talde batek euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana aitortu nahi da.
Hautagaitzen aurkezpena
Euskal Herriko musikaren sektorean lan egiten duen edozein agentek aurkeztu dezake MBS 2022rako hautagaitza. Horretarako, izena emateko epearen barruan egin beharko du: abenduaren 15etik 2022ko otsailaren 10era. Gainera, Musika Bulegoko bazkideek eta EHMBEko zuzendaritza batzordeko kideek 3 hautagaitza aurkeztu ahal izango dituzte.
Euskaraz egindako lanek edo sorkuntzek balio erantsia izango dute, sorkuntza instrumentalak edo beste hizkuntza batzuetan egindakoak ere aurkez daitezkeen arren, betiere edozein euskal musikarik interpretatzen baditu, musika-generoa edozein dela ere. Hori bai, lanak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean aurkeztuta egon beharko dira jendaurrean.
Aurreko edizioetako sarituei dagokienez, talde edo bakarlari ezagunak nabarmentzen dira, Zea Mays, Belako edo Izaro, besteak beste, baina baita estilo erabat ezberdinetako artistak ere, Dupla talde kontzeptualetik hasi eta folklorea egiten duen Korrontzira. Aurreko urteetan, Kafe Antzokia eta Eresbil Musikaren Euskal Artxiboa edo Juanjo Mena eta Pascal Gaigne konpositoreak ere saritu dira.
Seigarren edizio honetan ekitaldia bere irteera puntura itzuliko da, Bizkaira. Izan ere, sari ibiltari hauek Euskal Herriko lurralde historiko batean lehorreratzen dira urtero. Iaz Biarritzen izan ondoren, 2022an Bilbao Exhibition Centre-n ospatuko da euskal musikaren jaia. Seigarren edizio honetan, lehiaketak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, LABORAL Kutxaren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa jaso du.
Hemen aurkituko dituzu Musika Bulegoak Sariak 2022 ekimenaren oinarriak.