Zabalik da Jon Bilbao Katedran ikerketa-egonaldia gauzatzeko deialdia
2021/02/03
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta Nevada System of Higher Education zentroak ireki dute Nevada Renoko Unibertsitatean (AEB) sustatzen duten Jon Bilbao Katedra burutuko duen ikertzailea hautatzeko deialdia. Martxoaren 3ra bitarte** egongo da zabalik.
Hautatua den adituak hilabeteko egonaldia egingo du Nevada Renoko Unibertsitatean, 2021eko abuztutik abendurako tartean, eta euskal diasporaren inguruko ikerketa proiektua burutuko du. Deialdia Nevadako Unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren webguneetan dago argitaratuta; gure webgunekoa esteka honetan aurki daiteke. Bertan agertzen diren xehetasunen arabera, beharrezko dokumentazioa korreo postalez eta korreo elektronikoz bidali beharko da, besteak beste.
2014an sortua, Jon Bilbao Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka eskaintzen du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow, urtero edo bi urtero berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studiesen (CBS) izan ohi du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.
**Oharra: Deialdi honetako epea luzatu da. Epea martxoaren 19ra arte egongo da zabalik, egun hori barne.