What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoaren aurkezpena
Euskara. Kultura. Mundura.
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez gauzatu den ikus-entzunezkoaren izenburua da.
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburu argiarekin, Etxepare Euskal Institutuaren, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da.
What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez gauzatu den ikus-entzunezkoaren izenburua da.
Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburu argiarekin, Etxepare Euskal Institutuaren, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da.
Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura mundu osoan zabaltzea du helburu. Laboral Kutxak, gizartearekin dituen konpromisoen artean, kultura eta euskararen zaintza eta sustapena ditu xede nagusi, eta Mintzola Ahozko Lantegiak, besteak beste, nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen dihardu.
Bertsolaritza, unibertsala eta bakarra
Munduan barna kantu inprobisatua kultura askotan gertatzen da. Bakoitzak garapen propioa izan duenez, adierazpide bakoitzak ezaugarri edo aldaera ezberdinak ditu.
Bertsolaritza unibertsala da eta, aldi berean, bakarra. Unibertsala dela diogu, aurrez aipatu bezala, kantu inprobisatua kultura askotan gertatzen den fenomenoa delako. Hala, kantu inprobisatuak kultura ezberdinen arteko zubiak eraikitzeko bide bat eskaintzen du, bat egiten gaitu. Nazioarteko inprobisatzaileek elkarrekin eskaintzen dituzten bat-bateko saioak horren isla dira.
Aldi berean, bertsolaritza bakarra da, beste hainbat ezaugarriren artean euskaraz egiten da eta horrek egiten du, batez ere, berezi.
Etxepare Euskal Institutuak, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Laboral Kutxak urteak daramatzate atzerrian euskara eta euskal kultura ezagutarazten, zubiak eraikitzen. Norabide horretan, elkarrekin pausoa eman eta, bertsolaritzaren zabalkundean oso lagungarria egingo zaien ikus-entzunezkoa gauzatu dute.
Ekoizpena euskararen eta bertsolaritzaren nazioarteko zabalkundearen mesedetan erabiltzea dute xede hiru erakundeek. Beraz, gaurtik aurrera, sarean eskuragarri izango da, interesdun guztientzat ondorengo estekan:
Mintzola Ahozko Lantegia:
https://www.youtube.com/c/MintzolaAhozkoLantegia
Ikus-entzunezkoa
What is bertsolaritza? munduan zehar zabalduko den 20 minutuko ikus-entzunezkoa da. Gainera, azalpenetarako osagarri diren hainbat bertsoaldik osatzen dute ekoizpena.
Nazioartean bertsolaritza zer den azaltzeko xedea duenez, ingelesez garatu da, eta euskaraz, gazteleraz eta frantsesez jarri zaizkio azpitituluak. Proiektuaren osagarri zenbait bertsoaldi baliatuko dira eta hauek euskaraz direnez, aipatutako gainerako hiru hizkuntzetara itzuli dira (azpitituluak ingelesez, gazteleraz eta frantsesez, alegia).
Gidoia osatzerakoan eta bertsoaldiak hautatzerakoan, bertsolaritzaren berri ez dutenek oinarrizko ezagutza izatea hartu da helburutzat; beraz, bertsoaldiak aukeratzerakoan, gai unibertsalen ingurukoak lehenetsi dira, bertsoz bertsoko elkarrizketa guztiok uler dezagun.
Ikus-entzunezkoa ekoizpen ederra da bertsolaritza oinarritik ezagutzeko, bai bere testuinguruari, sormen-prozesuari zein egun duen egoerari dagokionez. Alde batetik, Bertsolari Txapelketa Nagusia baliatuz Euskal Herri mailan bertsolaritzak duen oihartzuna erakusten da eta, aldi berean, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ezagutarazten da: besteak beste, Birminghameko Unibertsitateko irakaslea den Karin Barberren, Missouriko Unibertsitateko irakaslea eta Oral Tradition Center-eko zuzendaria den John Zemkeren eta Sardiniako inprobisatzailea den Paolo Zeddaren iritziak jaso dira dokumentuan.
Bestalde, bertsoaren sormen prozesua oso modu bisual eta ulergarrian adieraztea lortu da, ikuslearekin konplizitatea bilatu asmoz. Nazioartean hain ezaguna den Guggenheim Bilbao Museoa hartu da kokaleku horretarako.
Sormen prozesuarekin batera, bertsolaritzak garaikide izaten jarraitzeko eman dituen pausoak azaltzen dira: belaunaldiartekotasuna eta emakume bertsolarien ekarpena, besteak beste.
Azkenik, bertsolaritzaren mugimenduaren errepaso azkar bat egiten da: herriz herriko bertso plazak, bertso eskolak, bertsolariak, Bertsozale Elkartea…
Jatorria eta datu teknikoak
Proiektua 2017ko udazkenean abiatu zen, Etxepare Euskal Institutuaren eta Mintzola Ahozko Lantegiaren ekimenez, Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela eta, abagune hori baliatu zen hainbat grabazio egiteko. Horrez gain, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren artxiboko irudiak izan dira ikus-entzunezko honen oinarri nagusiak.
Bertsozale Elkarteko ikus-entzunezko lantaldeak zuzendu eta ekoiztu du. Xabier Payak landutako gidoia izan da proiektuaren bizkarrezurra eta hainbat profesional bikainen eta hainbat erakunderen lankidetzarekin gauzatu da. Eskerrik asko denei.
Zuzendariak: Eneritz Urkola, Jon Agirresarobe (Bertsozale Elkartea)
Gidoilaria: Xabier Paya
Errealizadorea: Haritz Arrizabalaga
Produktorea: Eneritz Urkola (Bertsozale Elkartea)
Erredaktoreak: Felix Irazustabarrena, Gaizka Azkarate, Jexux Mari Irazu (Bertsozale Elkartea)
Kamerariak: Haritz Arrizabalaga, Luis Gurrutxaga, Peru Galbete
Ahotsa: Larraitz Ariznabarreta
Bertsolaria: Maddalen Arzallus
Edizioa eta bideo post-produkzioa: Haritz Arrizabalaga
Audio post-produkzioa: Mediavox
Grafismoa: Hiru Damatxo
Dokumentazioa: Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Itzultzaileak: Ortzi Idoate, Xabier Paya
Ekoizpena: Etxepare Euskal Institutua, Mintzola Ahozko Lantegia
Babeslea: Laboral Kutxa
Eskerrak: EITB, Guggenheim Bilbao Museoa
Mintzola Ahozko Lantegia, munduko kantu inprobisatuen arteko zubiak eraikiz
Mintzolak, Kulturartea atalaren bidez, bertsolaritza mundu mailan ezagutarazi eta Euskal Herrian munduko beste kantu inprobisatuen berri ematea du helburu, kantu inprobisatuen arteko elkartrukea sustatu eta euskara munduko plazara ateraz. Horretarako, nazioarteko topaketak antolatzen ditu eta, era berean, nazioartean besteek antolatutakoetan ere parte hartzen du. Harreman sare horiek bide ematen dute Kulturartea Mapa garatzeko, nazioarteko kantu inprobisatuen argazkia eskaintzen duen datu-basea.
Norabide horretan hainbat topaketa eta argitalpen bultzatu ditu beste erakundeekin elkarlanean, nazioartean bertsolaritza hedatzeko. Informazio osatua www.mintzola.eus atarian eskura daiteke.
Topaketak
- Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira (2018. Mintzola Ahozko Lantegia, Lanku)
- Europa bat-batean (2015-2016. DSS2016, Mintzola Ahozko Lantegia)
- Munduko kantu inprobisatua (2013. Mintzola Ahozko Lantegia)
- Ahozko inprobisazioa munduan (2003. Bertsozale Elkartea)
Argitalpenak
- What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoa (2018. Etxepare Euskal Institutua, Laboral Kutxa, Mintzola Ahozko Lantegia). Ingelesez, azpitituluak: eus, es, fr
- World Improvised Verse Singing liburua (2018. Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies, Mintzola Ahozko Lantegia)
- Mundu bat ahoz ahoz dokumentala (2016. Mintzola Ahozko Lantegia) Euskaraz
- Ahozko inprobisazioa munduan. Liburua (2004, Bertsozale Elkartea) eus, en, es, fr
- Bat-bateko bertsolaritza liburua (2001. Bertsolari Aldizkaria, Bertsozale Elkartea) eus, en, es, rf
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutzera ematea du xede. Helburu horrekin euskal sortzaile eta lanen zabalkundea eta ikusgaitasuna sustatzen ditu bertako eta atzerriko eragileekin elkarlanean. Institutuak diziplina ezberdinetako (literatura eta itzulpengintza, arte eszenikoak, zinea eta ikus-entzunezkoak, musika, arte plastikoak eta ikusizkoak, etab.) sortzaileen parte hartzea bultzatu eta ahalbidetzen du nazioarteko kultur programa, jaialdi eta azoketan. Horrekin batera, diru-laguntzak ere ematen ditu xede berberarekin.
Halaber, industria ikuspegi batetik, kultur sektoreko enpresa eta konpainien nazioartekotzea sustatzen du, bai nazioarteko azoketako parte-hartzea koordinatuz (standak, katalogoak, etab.), bai eta azoka eta topaketa profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emanaz.
Euskararen irakaskuntza eta nazioarteko onespena indartzeko, esparru akademikoan euskara eta euskal kultura ikasketak sustatzen ditu Etxepare Euskal Institutuak. Hain zuzen ere, Institutuaren nazioarteko unibertsitate sarean bertsolaritzak presentzia nabaria izan du azken urteotan. Izan ere, euskal kulturari eta euskarari bertsolaritzak egin dion ekarpena ikuspegi ezberdinetatik aztertu baita hitzaldi, kongresu eta bestelako jarduera akademikoetan. Esaterako, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe bertsolariak Massachusetts-Amherst Unibertsitatean (AEB) izan ziren otsailean eta Lujanbio bera Helsinkiko Unibertsitatean (Finlandia) aritu zen irailean. Testuinguru akademikoan, Asier Altunaren Bertsolari filma ere diziplina honen zabalkunderako tresna garrantzitsua izan da.
Munduan bakarra den kultur diziplina da bertsolaritza, are gehiago dimentsio sozialari erreparatzen bazaio, eta horrek gai interesgarri egiten du nazioartera begira. What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoa diziplina hau nazioartean ezagutzera emateko dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak sortu dituen hainbat materialen (Joxerra Gartziak bertsolaritzari buruz idatzitako liburuxka) osagarri izango da.
Laboral Kutxa
Gizarte mailan zabala eta oparoa da LABORAL Kutxak euskarari eta euskal kulturari egin dien mota bateko edo besteko ekarpena. Horren lekuko dira ondokoak:
Ikastolen Federazioaren sorrera: urtetan baliabideak jarri zituen (ekonomikoak eta langileak) sortzen eta koordinatzen laguntzeko (1975).
Kultur Bideetan: 25 urtez Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean euskal kultura sustatzeko proiektua babestu zuen.
IKUSKAK: euskal zinemaren sorrera (1976). Egin ziren 20 laburmetraiak finantzatu zituen entitateak.
VISA IKASTOLAK: txartel horrekin egiten den eragiketa bakoitzeko diru-kopuru bat ematen zaio Ikastolen Federazioari, eta indarrean dagoen txartel bakoitzagatik ere diru-kopuru bat ematen zaio laguntza gisa (1997tik aurrera eta gaur arte)
Euskaltzaindia: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egiteko eta zabaltzeko diru-laguntza zabala eman du.
EUSKO IKASKUNTZA & LABORAL KUTXA Saria: Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte-Zientzien saria. Besteak beste, ondoko euskal herritar hauek jaso izan dute saria: Aita Villasante, Bernardo Atxaga, Juan San Martin, Joxe Azurmendi.
UZEI: HOBELEX izeneko lexiko-zuzentzailea garatzeko diru-ekarpena egin zuen.
TRIBUAREN BERBAK: telebistako programa diruz lagundu zen 2014an eta 2015eko urte hasieran.
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin hitzarmenak.
Etxepare Euskal Institutua & LABORAL Kutxa: elkarlanaren eraginez, Itzulpen Sari bat sortu zen (2015), jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura obra baten itzulpen-lan bat sarituz.
Beste hamaika proiektu eta lan sustatu eta diruz lagundu ditu: UZEIk argitaratutako berariazko hiztegitxoak, ELHUYARek argitaratutako hiztegia, Joan Mari Torrealdairen Euskal Idazleak gaur (1977), Euskal Kultura Gaur (1997) eta El libro negro del Euskera (1998), Conflicto Lingüístico en Euskadi, Euskal Herria: errealitatea eta egitasmoa, Benito Lertxundi: aitorpenak eta testigantzak, Bernardo Atxaga & Alberto Schommer, UZEI eta HABErekin elkarlanean Dirukiak izeneko materiala sortu eta finantzatu zuen langileak euskaraz trebatzeko (600 langileri eman zitzaien), Bai Euskarari Elkartearekin eta Kontseiluarekin harremana eta elkarlana, etab.
Elkarrizketaren bat egin nahi izanez gero, jarri harremanetan Mintzola Ahozko Lantegiarekin komunikazioa@mintzola.eus posta elektronikoaren edota (+34) 943 693 870 telefono zenbakiaren bidez.