Euskara Munduan programa Euskal Gizataldeen VIII. Mundu Batzarrean
2023/12/20
Euskara. Kultura. Mundura.
Kanpoko Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra lau urtean behin antolatzen den gogoeta-foroa da, Kanpoko Euskal Gizataldeekin (euskal etxeak eta federazioak) harremanak estutzeko, jardunbide egokiak partekatzeko eta datozen 4 urteetarako baterako lan-ildoa ezartzeko. Aurten, Donostian egin da abenduaren 18tik 21era bitartean ‘ERALDAROA’ izenburupean.
Oraingo honetan, biltzarrak ehun lagun inguru batu ditu Donostian, gehienak 18 herrialdetako hainbat euskal gizataldeen ordezkaritzatako kideak dira, eta, horiekin batera, Euskal Diasporarekin zuzeneko lotura duten hainbat pertsonek eta euskal erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute. Horrela, Alemaniako, Argentinako, Australiako, Belgikako, Brasileko, Kanadako, Txileko, Kolonbiako, Kubako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Japoniako, Mexikoko, Paraguaiko, Peruko, Uruguaiko eta Venezuelako ordezkariak izan dira Donostian.
Eusko Jaurlaritzak 197 Euskal Etxe ditu ofizialki aitortuta 25 herrialdetan, eta ordezkaritza egiteko deitzen zaie herrialdeka Munduko Biltzar honetan parte hartzeko. Etxepare Euskal Institutuak Euskara Munduan programaren bitartez, euskararen ezagutza bultzatzen du munduko euskal etxeetan. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin. Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Kinku Zinkunegi Euskara Munduan programaren koordinatzailea eta Monika Madinabeitia Etxepare Euskal Institutuko Euskara zuzendariak hitzaldi bat eman dute ‘Euskara Munduan’ programari buruz abenduaren 20an.
Larrazak Etxepare Euskal Institutuaren ibilbidearen eta jardueraren nondik norakoekin eman dio sarrera hitzaldiari, euskara eta euskal kultura munduan zehar zabaltzeko Institutuak egiten dituen ekintzak eta helburuak partekatuz: “Bidaideak bilatzen ditugu, euskal kultura eta sorkuntza munduan zehar zabaltzeko”.
Ondoren, Kinku Zinkunegik Euskara Munduan programari eskaini zaion saioaren aurkezpena egin du, non programaren parte diren eta Zinkunegiren esanetan “eredugarriak izan daitezkeen” munduko euskal gizataldeen hainbat eragilek parte hartu duten. Eragileek euskararen irakaskuntzan eta euskal kulturaren zabalkundean izan duten ibilbidea partekatu dute kongresuan, bai eta euskara irakasteko erabiltzen dituzten baliabideak, metodologiak eta erronkak.
FEVA-ko (Federación de Entidades Vasco Argentinas) lehendakariak, NABOko kideek (North American Basque Organizations), Pariseko Euskal Etxeako kidea batek, Bartzelonako Euskal Etxeko kide batek eta Berlineko Euskal Etxeko lehendakariak hartu dute hitza.
Saioa amaitzeko, Zinkunegik eta Madinabeitiak Etxepare Euskal Institutuak Euskara Munduan programak lorturako emaitzen eta proiektu berrien norabidearen balantzea egin dute. Besteak beste, Euskara Munduan programaren ikas-material gehiago argitaratzea aurreikusi dute 2024 urterako. Zinkunegik azpimarratu du munduan zehar euskara irakasten diharduten horien lana: “Irakasle gehienak ez dira irakasle profesionalak. Medikuak, ingeniariak… dira eta gure lana haiei euskara irakasten jarraitzeko erraztasunak ematea da”. Zinkunegik aditzera eman du, datozen urteetan argitaratu nahi diren ikas-material berrien artean euskara ikasteko liburuxkak gaztelaniara, ingelesera eta frantsesera itzulita dauden moduan, alemanieraz eta portugesez ere eduki pedagogikoak egitea helburu duela Euskara Munduan programak.
Madinabeitiak nabarmendu nahi izan duenez, “Diasporak ikaspen ugari ematen dizkigute”. Euskara Sustatu eta Zabaltzeko zuzendariak Necocheako (Argentina) Euzkoetxera egin zuen azken bisitaren paisaia linguistikoarekin lotutako anekdota batekin azaldu du ideia hori: “Seinale, ikono eta kartel guztiak euskaraz zeuden, eta hori sarritan Euskal Herrian bertan baino hobeto egiten dute”.
Amaitzeko, 2024an HABEren laguntzaz, Buenos Airesen euskara maila ziurtagiria lortzeko azterketak egin ahal izango direla jakinarazi dute. Gaur egun, Madrilen eta Bartzelonan egin daitezke azterketa hauek Euskal Herritik kanpo. Zinkunegik gonbitea luzatu die maila nahikoa duten ikasle kopuru nabarmena duen edozein euskal etxek eskatu dezakela haien hirian euskara mailaren ziurtagiria ateratzeko aukera. Euskara Munduan Programak HABEren bitartez bideratuko luke.
Mundu Batzarra 4 urtean behin egiten da, eta bertatik aterako da Ondorioen Dokumentu bat, 2024-2027 Laurteko Planean bilduko dena; plana datozen lau urteetan garatuko da, hurrengo Batzarra egin artean.