Verde Pratok jaso du MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria
Euskara. Kultura. Mundura.
Verde Pratok irabazi du musika independentearen MIN sarietako du Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Iruñeko Nafarroa Arenan egin zen bart sari banaketa, 3.000 ikusle bildu zituen festa giroan. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko finalistak ere bertaratu ziren ekitaldira: Chill Mafia, Idoia, Liher eta Gaur taldeak, hain zuzen.
Epaimahaiak ‘Kondaira eder hura’ (2021) lanagatik egin dio aitortza Verde Prato ezizenez ezagun egin den Ana Arsuagari (Tolosa, 1994). Diskoan gai minimalistak aurkezten ditu, teklatua eta ahotsa erabiliz, askotan herriko folklorearen tradizioan oinarrituta. Izaro Andresen eskutik jaso zuen saria.
Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria eskuratzeko Amak, Bulego, Ezpalak, Huntza, Ibil Bedi, Jon Maia, Joseba Irazoki eta lagunak, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Ruper Ordorika ere lehiatu dira. Publikoaren bozketaren ostean, final erdietara iritsi ziren artista hauek.
Beste kategoriatan ere lehiatu dira artista horietako asko. Izan ere, ugariak dira kategoriak; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…
Carolina Iglesias umoregileak gidatu zuen ekitaldian zuzeneko ugari ikusi eta entzuteko aukera izan zen. Tartean, Izarok Amaralekin sortu berri duen ‘Argia’ kanta eta baita Chill Mafia, Baiuca, Maria Arnal i Marcel Bagés eta Ilegales taldeen zuzenekoak ere.
Zahara gailendu zen sari banaketan, inork baino sari gehiago eskuratu baitzituen, sei denera. Horien artean, Urteko Disko Onenaren The Orchard Saria. Urteko Abesti Onenaren Radio 3 Saria Rigoberta Bandiniren ‘Ay Mamá’-rentzat izan zen; Artista Onenaren Amazon Music Saria ere Rigoberta Bandinirentzat izan zen; eta Artista Emergente Onenarena Tanxugueiras talde galiziarrak irabazi zuen.
MIN Sariak
MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.
Unión Fonográfica Independiente (UFI) erakundeak antolatzen dituen MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan eta nazioartean sustatzeko.
Etxepare Euskal Institutuak 2014. urteaz geroztik babesten du Euskarazko Album Onenaren Saria MIN Sarietan, euskaraz egindako musikari estatu mailan ikusgarritasuna emateko helburuarekin. 2021, 2020 eta 2019an sarituak izan ziren, hurrenez hurren, Zetak, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Ruper Ordorika.
Kategoria guztietako irabazleak MIN sarien webgunean daude kontsultagarri.