Trío Zukan-ek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren saria Musika Bulegoa sarietan

2022/05/18

Euskara. Kultura. Mundura.

10 euskal artista eta talderen lana aitortu dute Musika Bulegoa sarien seigarren edizioan. Maiatzaren 17an Barakaldoko BEC-en egindako ekitaldian, zuzeneko aktuazioak ere izan dira ikusgai. Etxepare Euskal Institutuaren saria Trío Zukan-ek eskuratu du euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egin duen lanarengatik.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertoko artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lanak saritu ditu eta 100 proposamen baino gehiagoren artean -proposamen horien erdietan baino gehiagotan emakumeak izan dira buru- egin da aukeraketa. Sarien helburuak dira, besteak beste, euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea eta erakusleiho izatea. Ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkari ugari eta sektoreko ehun profesionaletik gora: musikariak, ekoizleak, managerrak, programatzaileak…

Sektoreko zortzi profesionalek osatutako epaimahaiak honako artista edo talde saritu ditu seigarren edizio honetan: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lanzako, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato. Saritutako proiektuek, 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari “bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako”. Motxila 21-ek ere Mikelarenaren eskultura jaso du.

Epaimahaiak nabarmendu du iritsitako proposamenak kalitate handikoak izan direla eta aukeraketa egiteko lana izan dutela. Deialdi honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dira: pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folk, jazz edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara izan da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (%59), lan instrumentalek pisua irabazi duten arren (%22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak izan dira (%11) eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere zuzeneko emanaldiez gozatzeko aukera izan dute BEC-era hurbildutakoek. Honela, Chill Mafia, Gaur, Ether Ensemble, Maite Larburu, Verde Prato eta Amak zuzenean ikusteko aukera egon da. Txalaparta Beat taldeak eman diote hasiera Amaia Artetxe kazetariak aurkeztutako ekitaldiari.

Seigarren edizio honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta LABORAL Kutxaren babesa jaso du Musika Bulegoa Sariak ekimenak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu