Thomas Olverri elkarrizketa: ‘Patria’-tik haratago
Euskara. Kultura. Mundura.
Thomas Olver literatura konparatuan doktoratu zen Liverpooleko Unibertsitatean, eta bere tesia, "‘Locating Memory in Contemporary Basque Literature: Moving Past Patria’ (Memoria euskal literatura garaikidean kokatzen: Patriatik haratago) funtsezko erreferentzia bihurtu da memoria kolektiboa eta pertsonala Euskal Herriko literatura- narratibetan nola uztartzen diren ulertzeko. Ikerketa honek Erresuma Batuko ikasketa hispaniko eta lusofonoetako doktore-tesi onenak saritzen dituen AHGBI Publication Prize 2024 saria jaso du.
Olverrek Edurne Portela (‘Mejor la ausencia, 2017), Karmele Jaio (‘Aitaren Etxea’, 2019), Katixa Agirre (‘Atertu arte Itxaron’, 2017), Gabriela Ybarra (‘El comensal’, 2015) eta Aixa de la Cruz (‘La línea del frente’, 2017) euskal egileek haien lanetan euskal gatazkaren memoria nola jorratzen duten aztertzen du, memoria historikoaren irudikapen kritikoa eta askotarikoa nabarmenduz. Ikerketa honek, narratiba sinplistak baztertzen ditu eta iraganaren ulermen konplexuagoa sustatzen du. Euskal literaturaren ikuspegi kritikoa emateaz gain, beste eskualdeetako literaturetan memoria kulturala aztertzeko marko teoriko sendoa eskaintzen du.
Elkarrizketa honetan, Olverrek bere aurkikuntzarik esanguratsuenak eta literaturak euskal gatazkaren memoria kolektiboaren eraikuntzan eta zaintzan duen zereginari buruzko gogoetak partekatuko ditu.
Nola jorratzen duzu tesian euskal gatazkaren memoria historikoak literatura garaikidean duen errepresentazioa?
Tesian bost euskal idazle garaikideen eleberriak aztertzen ditut: Edurne Portela, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Gabriela Ybarra eta Aixa de la Cruz. Haien literatura lanetan memoriaren gaiari nola heltzen dioten aztertzen dut bereziki, batez ere euskal gatazkaren ondareari dagokionez.
Oroimenaren irudikapena beti ezegonkorra eta zalantzazkoa den zerbait bezala ikustean, autore horiek iraganari buruzko “kontakizun handi eta bakar bat” inposatzeko edozein saiakeraren aurrean ikuspegi guztiz kritikoa hartzen dutela frogatzen saiatu naiz. Hori funtsezkoa izan da ETAren amaieratik Euskal Herrian eta Espainian hainbesteko zatiketa eragin duen “kontakizunaren borroka” delakoan.
Nobela hauek iraganari buruzko egia bakar bat ezartzeko gogo hori baztertzen dutela iradokitzen dut, horrek ahots edo ikuspegi ez-menderatzaileak baztertzea baitakar beti. Aitzitik, obra horiek, inplizituki, elkarrizketan, perspektiba-aniztasunean, egileen hausnartzeko gaitasunean eta indarkeria sortu zeneko testuinguru historiko, sozial eta politikoaren ulermen konplexuagoan oinarritutako memoria-formen alde egiten dute.
Zer desberdintasun aurkitu dituzu gatazka bertatik bertara bizi izan zuten euskal idazleen narratiben eta geroago aztertu dutenen artean?
Ezberdintasun nabarmenak daude, zalantzarik gabe. Lehenik eta behin, esango nuke narratiba horiek guztiek komunean duten gauza bat dela narratzaileek iraganari buruzko beren begiradak non kokatzen diren eta horrek ezinbestean nola murrizten duen eta, aldi berean, nola ematen dion forma pertsona bakoitzak duen iragana ulertzeko modu bereziari.
Zalantzarik gabe, alde nabarmenak daude. Lehenik eta behin, esango nuke narratiba horiek guztiek komunean duten gauza bat dela narratzaileek pixkanaka egiten duten hausnarketa, iraganari buruzko beren begiradak non kokatzen diren eta horrek, ezinbestean, nola mugatzen eta, aldi berean, forma ematen dion pertsona bakoitzak duen iraganaren ulermen partikularrari. Esaterako, ‘El comensal’ eleberrian, Gabriela Ybarrak ETAk aitona nola hil zuen ulertzen saiatzen da, eta autoreak behin eta berriz azpimarratzen du gertaera traumatiko horretatik urrun dagoela –zuzenean bizi ez izanagatik–. Hortik sortu zuen Ybarrak tentsio narratiboa: alde batetik, trauma hori bere familiarentzat zer izan zen ulertzeko gogo sakona adierazten du, eta, bestetik, trauma hori aitonaren heriotzatik bereizten duen distantzia gainditzeko ezintasuna.
Gatazka bertatik bertara bizi izan zuten idazleen narratibei dagokienez, estilo zuzenxeagoa dutela esan daitekeen arren, egile horiek oraindik ere inplizituki berresten dute iraganari buruzko ikuspegi orok ikuspegi partziala izaten jarraitzen duela eta iraganaren ikuspegi bakoitza puzzle handiago bateko pieza bat baino ez dela izango.
Hori argi eta garbi ikusten da Edurne Portelaren ‘Mejor la ausencia’ eleberrian. Egileak haur txiki bat aukeratzen du narratzaile gisa, eta bere haurtzaroa inguruko indarkeriak nola markatzen duen kontatzen du, bai etxean, bai etxetik kanpo. Inguruko indarkeria ulertzea kosta egiten zaion narratzaile hau aukeratzean, Portelak iraganari erreparatzen dio begirada beti mugatu eta zatikatu batekin. Nobelaren amaieran, narratzailea helduaroan bere iraganari buruz hausnartzean, azkenean konturatuko da zer asko geratzen zaion ulertzeko. Horrek ulertarazten dio soilik beste ikuspegi batzuk bilatzen eta entzuten baditu bete ahal izango dituela iraganaren ulermenean dituen hutsune horiek.
Egindako azterketzan aurkitutako faktore komunen bat nabarmenduko zenuke? Ba al dago egileek gatazka eta memoria bezalako gai konplexuak lantzeko erabiltzen duten narrazio-teknika zehatzik?
Aipatu dut lan horien ezaugarri den hausnarketa- gaitasuna, eta uste dut, aztertu dudan nobela bakoitzean, kezka argia dagoela idazlearen eginkizunagatik; hau da, idazleak nola heltzen dion iraganari bere narratiban, nola kokatzen den iraganarekiko eta indarkeriarekiko, nola onartzen dituen iraganari buruzko bere ikuspegiaren mugak. Lan horietan guztietan, idazleek etengabe azpimarratzen dute iraganeko irudikapenen artifizialtasuna: behin eta berriz aipatzen dute idazteko prozesua, zalantzan jartzen dute idazten dutena egiazkoa den edo irudimenaren emaitza den, sentitzen dute iraganaren ezagutza osoa lortzeko ezintasuna, aitortzen dute beste ikuspuntu batzuk bilatzen eta irudikatzen jarraitzeko beharra.
Ybarrak, adibidez, literatura-estilo ugari erabiltzen ditu —polizia-fikzioaren arrastoak eta elementu fantastikoak nahasten ditu aitonaren historia kontatzeko, eta onartzen du hori fikziozko berrasmatze bat baino ez dela.
Katixa Agirrek eta Karmele Jaiok, berriz, egitura zatikatuak erabiltzen dituzte, iragana hainbat narratiba eta perspektibaz eta ahots ugariz nola osatzen den erakusten dutenak. Laburbilduz, irakurleari argi uzten diote iragana ulertzea prozesu jarraitua dela, “narratiba handiez” mesfidati izan behar duela eta horrek kontakizuen ahots asko sartzea errazten duela, bakoitzaren perspektibaren partzialtasuna onartuz.
Ba al dago antzekotasun edo desberdintasun nabarmenik euskal gatazka literaturan lantzeko moduan, Europako edo munduko beste gatazka historiko batzuekin alderatuta?
Belfasten jaio nintzen; beraz, niretzat, konparaziorik hurbilena Ipar Irlandako gatazka izan da beti. Gatazka horren urterik bortitzenak bizi izan ez nituen arren, oso kontziente naiz hazi nintzen gizartea biziki hunkitu zuela. Hortik beti sentitu izan dut jakin-min bat aztertzeko nola ulertzen dugun bizi ez dugun iragana, aldi berean, modu ukaezinean hunkitu gaituenean.
Ipar Irlandako gatazkari buruzko literatura ugaria eta anitza da. Zaila da hari buruz modu orokorrean hitz egitea. Baina bitxia da ez dela literatura obrarik (nik dakidala behintzat!) zeinetan gatazkaren irudikapen totalizatzailea eskaintzeko saiakera erakusten duenik. Aitzitik, nire ustez hori bai ikus daitekeela Fernando Arambururen ‘Patria’ eleberrian.
´Patria´ seriea (2020, Aitor Gablibondo)
Esango nuke, aitzitik, nahiago izan direla narratiba intimoagoak, bazterreko ikuspegiei ahotsa ematen dietenak eta beren komunitateak atsekabetu zituen indarkerian hainbeste pertsona nola nahasi ziren erakusten dutenak. Horretaz gain, hainbat egilek nahiko estilo erradikalak erabili dituzte gure iragana irudikatzeko, hala nola Anna Burnsen ‘Milkman’. Tarteka, nahiko surrealista den tonua hartzen du, Belfasten bizi den nerabe batek gatazkaren inguruko esperientziari ahotsa ematen dion eleberriak. Merezi du Jan Carsonen ‘The Fire Starters’ ere azpimarratzea, gatazkak gaur egun Belfasten gazteengan duen eragina aztertzeko lanak duen errealismo magikoaren erabilera sortzaileagatik.
Azken urteotan, gatazkaren orbain sakonek gaur egun arte nola irauten duten aztertzen duten hainbat eleberri argitaratu dira. Nire ustez, Michael Mageeren ‘Close to Home’ lanak eragin hori oso ondo islatzen du. Ipar Irlandan familia askok heredatu duten trauma erakusten du, eta gaur egun ere jende askori min handia eragiten dion iraganaz argi eta garbi hitz egiteko zailtasunak erakusten ditu. Era berean, oso modu eraginkorrean erakusten du nola desagertu den laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran bake-akordioak sinatu zirenean zegoen baikortasun- eta itxaropen-giroa. Bere eleberriak, iraganeko ondarea ez ezik, gatazkak utzi dizkigun arazo sozio-ekonomikoak ere konpontzearen porrotaren aurrean askok sentitzen duten etsipen sakona adierazten du. Eleberriak, iraganeko ondarea ez ezik, gatazkak utzi dizkigun arazo sozio-ekonomikoak ere konpontzearen porrotaren aurrean askok sentitzen duten etsipen sakona adierazten du, etorkizuneko itxaropenik gabeko belaunaldi berri bat utzi duena.