Teresa Larruzea, Sorbonne Nouvelle-eko euskara eta kultura irakaslea
2025/02/26
Euskara. Kultura. Mundura.

Teresa Larruzea Sorbonne Nouvelle Parisko Unibertsitatean aritu da euskara eta euskal kultura irakasten 2021/2022 ikasturteaz geroztik. Elkarrizketa honetan, Sorbonne Nouvellek eskainiko duen ´minor´ edo espezializazioaren inguruan solastu gara berarekin. Gainera, Parisko ikasleen artean euskal ikasketek pizten duten jakinminaren inguruan ere galdetu diogu. Orohar, Larruzeak uste du Frantziako iritzi publikoak gero eta gehiago balioesten dituela eskualdeetako hizkuntzak , baina oraindik erronka nabarmenak daudela hizkuntza horien transmisioan, eguneroko erabileran eta aintzatespen publikoan.
Teresa Larruzea, Parisko Sorbonne Nouvelle Unibertsitateko euskara eta kultura irakaslea zaitugu, Iberiar eta Latinoamerikar Ikasketen Departamentuan. Noiz hasi zinen bertan lanean?
2021/22 ikasturtean hasi nintzen.
Datorren ikasturtetik aurrera, Sorbonne Nouvelle-n Iberiar Penintsulako eskualdeetako hizkuntzen eta kulturen inguruko espezializazioa eskainiko da.. Aurkeztuko zeniguke “minor” deitutako espezializazio hau?
Bai, noski. “Iberiar Penintsulako eskualdeetako hizkuntzen eta kulturak” minorra gaztelania, portuges eta hizkuntzalaritza lizentziaturetan eskainiko den espezializazioa izango da, berau aukeratzen duten ikasleei aukera eskainiko diena lizentzaturako irakasgaien %35 diziplina honen baitan jasotzeko. Minorrean izena ematen duten ikasleek, beraz, haien ikasketen hiru urteetan zehar Iberiar Penintsulako eskualdeetako hizkuntzen eta kulturekin lotutako formazioa jasoko dute, euskara, katalana eta galizieran zein lurralde hauetako historian eta adierazpen kulturaletan zentratuta.
Lehen mailan derrigorrezko lau irakasgai izango dituzte ikasleek: Iberiar Penintsulako eskualdeetako hizkuntzen historia, Iberiar Penintsulako eskualdeetako kulturen historia, Iberiar Penintsulako eskualdeetako literatura eta Iberiar Penintsulako eskualdeetako ikus-entzunezko artea. Bigarren eta hirugarren mailan, berriz, honako irakasgai hauen artean zortzi hautatu beharko dituzte: Euskara eta euskal kultura I, II eta III; Katalana eta kultura katalana I, II eta III; Galiziera eta kultura galiziarra I, II eta III; eta Ikerketa eta metodologia I eta II.
Hiru lizentziatura hauetako ikasleekin batera, irakasgai hauek hautazko irakasgai bezala eskainiko zaizkie unibertsitateko edozein formazio eta mailako ikasleei.
Ikasleen ikuspegitik, zer ekarriko du “minor” honek?
Minorrak Iberiar Penintsulako hizkuntzak, historia, literatura eta bestelako adierazpen artistikoak ezagutzeko eta haietan propio formatzeko parada eskainiko die ikasleei. Lizentziaturaren ondoren agregazioa edo CAPES-a bezalako oposaketak prestatuko dituzten ikasleei, Iberiar penintsulako hizkuntza eta kultura-aniztasuraren ezagutzan sendoki formatuta egoteko aukera emango die. Eta hizkuntzaren eta kulturaren analisi konparatuaren ikerketan arituko diren ikasleei, esparru berri batean aritzeko abagune paregabea.
Beraz, haien lizentziaturako edukiez gain, euskara, galegoa eta katalana ere ikasi ahalko dituzte eta kultura horietan espezializazioa lortu. Zein profiletako ikasleek izan dezakete interesa espezializazio honetan?
Gaztelania, portuges edo hizkuntzalaritza lizentziaturako ikasleak izango ditugu, baina baita ere unibertsitateko betse edozein formazio eta mailako ikasleak, irakasgaiok hautazko bezala aukeratu ahal izango dituztelako.
Ez daukagu oraindik datorren ikasturteko izen-emateei buruzko daturik, baina orain arte Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean euskara eta euskal kultura eta zibilizazioarekin lotutako irakasgaietan izandako ikasle-profilari erreparatuz gero, honakoa esan nezake: alde batetik, formazio aldetik euskararekiko eta Euskal Herriaren historia eta antropologiarekiko interes intelektuala daukaten ikasleak izaten ditugu, gehien bat gaztelania, hizkuntzalaritza, letrak, kultur-ikasketak eta mediazio kulturala lizentziaturetatik datozenak eta, bestalde, Euskal Herriarekin lotura pertsonala duten ikasleak, lizentziatura horietan zein beste batzuetan izan daitezkeenak. Ohikoa izaten da familia euskaldunetik datozen ikasleek gure ikasgaiekiko interesa agertzea, aitona-amona euskaldunak dituztenak, adibidez, eta, gurasoei zein haiei etxean hizkuntza transmititu ez zaien arren, euskal kulturarekiko eta hizkuntzarekiko atxikimendu indartsua izanik, galdutako ondarea berreskuratu nahi dutenak.
Somatzen al duzu Parisen, orohar, badagoela interesa hizkuntza gutxituenganako?
Bai, argi eta garbi. Frantziako Konstituzioak hizkuntza ofizial bakar gisa frantsesa ezartzen badu ere, hainbat inkestek erakusten dute frantses herritarren % 70 hizkuntza-aniztasuna aitortzearen alde daudela, eta ehuneko hori % 85era igotzen dela hizkuntza propioak dituzten eskualdeetan.
Izan ere, egoera larritzeko modukoa da: XIX. mendearen amaieran, Frantziako Estatuko biztanleen % 40k baino gehiagok hitz egiten zuen eskualdeetako hizkuntzetariko batean. Gaur egun, hizkuntza-zentralizaziorako politiken eraginez, hizkuntza horien erabilera nabarmen murriztu da. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herrian, adibidez, euskara hitz egiten dutenen ehunekoak beheranzko joera du, % 20,5 2021ean, eta herritarren % 12,6k soilik erabiltzen du euskara eguneroko bizitzan, presentzia handiagoa duelarik familia eta komunitate-testuinguruetan lan-inguruneetan edo erakunde-inguruneetan baino.
Datuek, beraz, agerian uzten dute Frantziako iritzi publikoak gero eta gehiago balioesten dituela eskualdeetako hizkuntzak, baina oraindik erronka nabarmenak daudela hizkuntza horien transmisioan, eguneroko erabileran eta aintzatespen publikoan. Esate baterako, 2021eko apirilean, Frantziako Asanblea Nazionalak Eskualdeetako Hizkuntzak Babesteko Legea onartu zuen. Legeak hizkuntza murgiltzea sustatu nahi zuen euskara, katalana, okzitaniera, korsikera, alsaziera edo bretoiera bezalako hizkuntzak hitz egiten diren eskualdeetako eskola publikoetan, zenbait eskoletako irakaskuntza bide nagusia hizkuntza hauek izan zitezen ahalbidetuz. Baina 2021eko maiatzean Konstituzio Kontseiluak betoa jarri zion hizkuntza-murgiltzearekin lotutako legearen artikuluari, hizkuntza murgiltzeak frantsesa hezkuntza publikoan bigarren maila batean uzten zuela argudiatuta, Errepublikako hizkuntza frantsesa dela ezartzen duen Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua urratuz. Erronka horren adibide dugu, baita ere, pasa den azaroan Frantses Akademiaren hiztegiaren edizio berriaren aurkezpenean, Manuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak eskualdeetako hizkuntzak “nazioa zatitzeko tresna” gisa deskribatu izana.
Horrekin argi geratzen da, alde batetik, eskualdeetako hizkuntzekiko frantses herritarrek agertzen duten interesaren eta haien presidenteak agertzen duen jarreraren arteko kontraesana. Eta, bestetik, hizkuntza gutxitu hauen sustapenerako ahaleginen eta Frantziako konstituzio-esparruaren arteko tentsioa. Edo bestela esanda, eta iritzi publikoa alde legokeen arren, nabarmena da euskara, katalana, okzitaniera, korsikera, alsaziera edo bretoierak Frantziako Estatuan duten babes instituzional eza.
Zure ikasleei euskararen edo euskal kulturaren zein alor interesatzen zaizkiezaie bereziki? Zerk pizten die jakin-mina?
Euskara eta Euskal Herriraren historia politikoarekin lotutako irakasgaiak ematen ditut nik. Interesak ikaslearen araberakoak izaten dira, baina filologia eta hizkuntzalaritza ikasketetatik datozen ikasleei, bereziki, euskararen historia eta gramatika interesatzen zaizkiela esango nuke. Eta letrak, kultur-ikasketak eta mediazio kulturala bezalako lizentziaturetatik datozenei kultura eta zibilizazioarekin lotutako irakasgaiak: politika eta historia garaikidea, batik bat, esango nuke.
Otsailean “hizkuntza-ideologiak eta euskara. Modernitatetik gaur egunera” deitutako mahai-ingurua antolatu zenuen. Zer moduz joan zen?
Bikain joan zen, milesker. Miren Artetxe Sarasola, soziolinguista eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, eta Haritz Azurmendi Arrue, Jakin aldizkariko editorea eta zientzia sozialetan doktorea, izan genituen gonbidatu. Mahai-inguruan euskararen historia soziala eta bere normalizazioaren erronkak jorratu zituzten, filosofia politokoaren eta soziolinguistikaren ikuspegitik. Haritzek Modernitatean zehar euskalduntasunari buruz Euskal Herrian ekoitzi ziren diskurtsoen analisia egin zuen. Mirenek, bere aldetik, hizkuntza-ideologiek euskeraren biziberritzean izan dezaketen eraginari buruz hitz egin zigun: nola hizkuntza-ideologiek praktiketan eragiten duten, eta alderantziz, eta nola hauek kontutan hartu behar ditugun hizkuntza biziberritze prozesuak pentsatzeko eta berauei ekiteko. Publikoak interes handia agertu zuen. Sorbonne Nouvelleko ikertzaile eta ikasleak zein Pariseko Euskal Etxeko kide eta erabiltzaileak bertaratu ziren, besteak beste.