Tanzmesse Nazioarteko Dantza Azokako BASQUE. DANCE. standean parte hartzeko deialdia zabalik

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-05-13

2024 urteko abuztuaren 28tik 31ra Tanzmesse Nazioarteko Dantza Azoka ospatuko da Düsseldorf-en (Alemania). Europako Dantza garaikide azoka garrantzitsuena den honetan BASQUE. DANCE.-ek standa izango du aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta ADDEren lankidetzari esker.

Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Basque. Dance. euskal arte eszenikoen sektorea nazioartekotzeko plataformak stand-a izango du azokan, euskal dantza konpainien lanak nazioartean zabaltzeko eta euskal dantza ekosistema eta jaialdien berri emateko helburuz. Standean egoteko deialdia zabaldu du Etxepare Euskal Institutuak ADDEdantzarekin batera.

Euskal dantza sektoreko konpainiek, enpresek eta jaialdiek nazioarteko dantza garaikideko profesionalen lana ezagutu eta dantza jaialdietako programatzaileekin harremanak izateko aukera izango dute Basque. Dance. standean (38 zenbakia).

Akreditatzeko eta azokara bertaratzeko interesa duten sortzaile edo dantza sektoreko eragileek emailez jakinarazi beharko dute Basque. Dance. standean parte hartu nahi dutela, catalogo@addedantza.org  helbidearen bitartez, ekainaren 21a baino lehen. Azokarako akreditazioa lortzeko izena emateko epea ekainean zabalduko da.

Standean parte hartzeko eskaera jasotzean,  BASQUE. DANCE. standaren baitan azokarako akreditazioa eskuratzeko esteka bidaliko dugu. Akreditazioarekin batera, azokako espaziora eta hitzaldietara sarbidea izateaz gain, dantza ikuskizun guztietarako gonbidapenak eskatzeko aukera, Tanzmesseko profila izatea profesionalen gunean eta parte-hartzaileen zerrenda eta kontaktuak eskuratzeko aukera izango duzue.

Gogoratu nahi dugu, azoka eta jaialdietara joateko gastuak Eusko Jaurlaritzaren Banaketa eta sustapen dirulaguntzen bitartez berreskuratu daitezkeela, hauek eskatu dituzten profesionalen kasuan. Gainera, ADDEk ere katalogoan dauden edo bazkide diren konpainientzat diru-poltsak eskainiko ditu Düsseldorfera joateko.

Macarena Recuerdaren ‘AY!YA! Düsseldorf-en

Gainera, euskal arte eszenikoen eragileak bidalitako proposamen artistikoen artean Macarena Recuerda Shepherd konpainiaren ‘AY!YA!’ lana azokaren programazioaren parte izango da, Basque. Dance. plataformaren eskutik. Open Studio bat eskainiko du bertan abuztuaren 31n.

‘¡AY! ¡YA!’ ‘ familiei zuzendutako dantza performatiboa da. Irudimenak iradokita edo ikusmenaren engainuak eraginda, errealitatea hainbat modutan hautematera daraman ilusioa lantzen du pieza honek. Pertsona bakoitzak bere buruaz duen irudia beste irudi bat bihurtzen denean sortzen den ilusio hori biderkatu egiten da edo forma ezinezkoak hartzen ditu. Hainbat gorputz-adar dituzten gorputzak, osatugabeak, eraldagarriak eta moldagarriak.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu