Internationale Tanzmesse NRW 2024: Basque. Performing Arts.
Euskara. Kultura. Mundura.
-
28Abu 202431Abu 2024Düsseldorf
Internationale tanzmesse nrw dantza garaikidearen nazioarteko azoka garrantzitsienetarikoa da, 1994an sortua. Hasieran komertzializazioan zentratuta zegoen, baina gaur egun dantzaren sektoreko profesionalen arteko saretzean eta elkarren arteko ezagutzaren trukean jartzen du arreta. Mundu osoko artistek beren lanak aurkezteko aukera dute eszenatokietan, aire zabalean edo modu digitalean, programatzaile, artista eta dantza sektoreko beste profesional batzuen aurrean. Abuztuaren 28tik 31ra ospatuko da Düsseldorf-en (Alemania).
Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Basque. Performing Arts. euskal arte eszenikoen sektorea nazioartekotzeko plataformak stand-a izango du azokan Eusko Jaurlaritzaren, Etxepare Euskal Institutuaren eta ADDEren lankidetzari esker. Bertan, Basque. Performing Arts. katalogoa eskuragarri egongo da.
Euskal dantza konpainien lanak nazioartean zabaltzeko eta euskal dantza ekosistema eta jaialdien berri emateko helburuz. Euskal dantza sektoreko konpainia, enpresa eta jaialdiek dantza garaikideko profesionalen lana nazioartean ezagutu eta dantza jaialdietako programatzaileekin harremanak izateko aukera izango dute Basque. Performing Arts. standean (38. zenbakia).
Gainera, euskal arte eszenikoen agenteek bidalitako proposamen artistikoen artean, Macarena Recuerda Shepherd konpainiaren ‘AY!YA!’ obra hautatua izan da eta azokaren programazioaren parte izango da, Basque. Performing Arts. ekimenaren eskutik. Abuztuaren 30ean performance bat eskainiko du Open Studios atalean.
Macarena Recuerda Shepherd – ‘AY! YA!’
‘¡AY! ¡YA!’ ‘ familiei zuzendutako dantza performatiboa da. Irudimenak iradokita edo ikusmenaren engainuak eraginda, errealitatea hainbat modutan hautematera daraman ilusioa lantzen du pieza honek. Pertsona bakoitzak bere buruaz duen irudia beste irudi bat bihurtzen denean sortzen den ilusio hori biderkatu egiten da edo forma ezinezkoak hartzen ditu. Hainbat gorputz-adar dituzten gorputzak, osatugabeak, eraldagarriak eta moldagarriak.