Suns Europe 2023: Patxi Zubizarreta + Ødei
Euskara. Kultura. Mundura.
-
13Urr 202314Urr 2023Udine
2023ko urriaren 6tik 14ra Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da Suns Europe. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen.
Etxepare Euskal Institutuak eta Suns Europek elkarrekin egiten dute lan jaialdian euskal sortzaileen presentzia bermatzeko.
Hauek dira jaialdian arituko diren euskal artistak:
Liburu aurkezpena: ‘Sakonean, itsasoa ikusten da’, Patxi Zubizarreta
2023.10.13 / 18:00 / Tarantola liburudenda, Udine
Zubizarretaren obra lehen aldiz aurkeztuko da Euskal Herritik kanpo ekitaldi honetan.
Batzuek ezagutzen dute Federiko Krutwigen Vasconia (1962) obra eztabaidagarri bezain polemikoa, baina gutxik dakite Paco Miangolarra filantropoak sustatu eta finantziatu zuela, Venezuelako erbestetik Ipar Euskal Herrira etorri berritan. Batzuek ezagutzen dute Herri Gogoa diskoetxea (1967-1981), edo ezagutzen dituzte Laboak, Lertxundik, Iriondok, Letek, Valverdek… Groseko estudio klandestinoan grabatutako diskoak, baina inork gutxik daki, Iñaki Beobideren laguntzarekin, Paco Miangolarra proiektu haren mezenas gertatu zela, lehen politikan bezala kulturan orain.
Donostia, Paris eta Caracas lotuko dituzte laketontzi, gerraontzi eta baporeek, Martin Ugalde, Carolina Herrera, Lezo Urreiztieta edo María Callas itsasoz lotzen ahal diren modu berean. Ahanzturaren uretatik atera nahian, Miangolarra Gorostiaga familiaren historia harrigarria dakar elkarrizketetan oinarrituriko narrazio honek, Patxi Zubizarretak ohi duen idazmolde ederrean. Erbesteari eta, ezinbestean, herriminari buruzko sirena kantu bat.
2023.10.14 / 21:00 / Giovanni da Udin antzokia, Udine
Ødei (Odei Barroso) bertsolari eta raperoa da. 2zio taldearekin hiru disko kaleratu eta taldea desegin ondoren, bere bakarkako ibilbideari ekin dio raperoak. Bere azken lanak (‘Terapia’, 2022) ez du batere antzik aurretik plazaratutako lanen, trap eta drill erritmika eta soinu-estetika berria dituen proposamena egin du. Raperoa izatetik bere buruarentzako musika ekoizle izatera ere bilakatu da, berak eta Jo Olaskuagak osatzen duten Alkimia Prod izenpean.
Suns Europe
Jaialdiaren helburua da hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea, batez ere arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.
Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du. Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.