Suns Europe 2023 jaialdiko musika atalean parte hartzeko deialdia irekita dago

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-03-01

2023ko urriaren 13tik 28ra Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian eta Friuli eskualdeko beste zenbait tokitan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da Suns Europe. Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen. 

Deialdi honek proposamen musikalak soilik hautatzea du helburu, eta taldeek zein bakarlariek eman dezakete izena. Izen-emateko epea martxoaren 26an bukatuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko informazioa kontsutatu daiteke hemen.

SUNS EUROPEko Batzorde Artistikoak aukeratuko ditu artista parte hartzaileak. Hautaketa 2023ko apirilaren 16an egingo da. Eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie ebazpena posta elektronikoz. Antolakuntzak aukeratutako artistak jaialdiaren itxiera ekitaldian zuzenean jotzera gonbidatuko dituzte. Antolatzaileek ahalegin guztiak egingo dituzte parte hartzen duten artistei haien musika-ekoizpena erakusteko aukera emateko jaialdiko beste ekitaldi batzuetan.

Iaz, Gales, Friuli, Karst, Drenthe, Sardinia eta Euskal Herritik joandako sei musika taldek hartu zuten parte final handian, jaialdiaren batzorde artistikoak hautaketa egin ostean. Eta horien artean, Olatz Salvador musikari donostiarra. Berarekin batera, Massimo Silverio, Violoncelli Itineranti, Rick Hilberts eta Ealûs taldeak ere igoko dira Teatro Nuovo Giovanniko oholtzara.

Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.

Urtero, SUNS Europek hizkuntza gutxituetan sortutako produkzio artistikorik onenak saritzen ditu.  Jaialdiaren helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere hizkuntza horietan egindako arte garaikidea sustatzeko. Horren harira, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, Suns Europek kultura horiek ez ditu tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako elementu moduan.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu