Etxepare Euskal Institutuak sortzaileentzako mugikortasunerako dirulaguntzen deialdia ireki du
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren kultur sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzen deialdia argitaratu du apirilaren 5ean, eta eskaerak egiteko epea 6tik aurrera egongo da zabalik. Arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasuna sustatzera dago bideratuta deialdia, eta izaera automatikoa izaten jarraituko dute dirulaguntzek, sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko xedez. Horrela, baldintzak betetzen dituzten eskabideen artean banatuko dira, aurrekontu zuzkidura agortu arte.
Arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasunerako deialdiak, pandemia egoerara egokitzeko iaz egindako aldaketak mantentzen ditu, eta aurrekontua handitu da. Guztira, 455.000 eurokoa izango da, iaz baino 23.000 euro gehiagokoa. Dirulaguntza honen xedea da euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea. 2023an Euskal Herritik kanpoko jaialdi edo kultur jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, ostatua eta dietak ordaintzeko izango dira. Deialdi horretara aurkez daitezke hurrengo sektoreetako sortzaileak: musika, antzerkia, dantza eta ikusizko arteak.
Modalitateka, hurrengoak dira banatuko diren laguntzak: arte plastiko eta ikusizkoek 75.000 euroko zuzkidura dute denera; musikak, 150.000 eurokoa; dantzak, 82.000 eurokoa; eta antzerkiak, aldiz, 148.000 eurokoa. Ordainketaren erdia hasieran jasoko dute eskatzaileek, eta beste erdia, zuriketa egin ondoren. Hilabeteko epea izango da zuriketa horiek egiteko.
Aurtengo deialdiak automatikoa izaten jarraituko du. Honek esan nahi du, prozedura azkartu eta sortzaileen ziurgabetasuna murrizteko, baldintzak betetzea nahikoa izango dela dirulaguntza jasotzeko.
Aurtengoan, baina, eskaerak aurkezteko epe bakarra izango da. Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko jarduerak hartuko ditu, eta epea apirilaren 6tik urriaren 31ra arte egongo da zabalik.
Halaber, zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen deialdiak 30.000 euroko zuzkidura du (iaz baino 10.000 euro gehiago) eta eskaerak abenduaren 31ra arte aurkeztu daitezke. Aurrerago, gainera, irabazi asmorik gabeko kultur jarduerak laguntzeko beste deialdi bat ere jarriko da martxan, 30.000 eurokoa.
Puntuazio irizpide eta prozedurak
Arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkigintzako mugikortasunerako dirulaguntzen deialdia lehiarik gabekoa izan arren, aurreko urteetan erabili diren balorazio irizpideak oinarri hartuta, Institutuak bilatzen dituen helburuen arabera puntuatuko dira, jakinik helburu nagusia dela oinarrizko baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak laguntzea.
Gauzak horrela, honakoak izango dira dirulaguntzen kopuruak zehazteko irizpide-ardatzak: Jarduera hartuko duen testuinguruaren oihartzuna edo prestigioa, proiektuaren autofinantzaketa maila, euskararen presentzia proiektuan, genero irizpidea, eta eskatzailearen presentzia digitala.
Dirulaguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.
Pertsona juridikoak behartuta egongo dira eskabidea modu elektronikoan egitera, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez. Pertsona fisikoek, aldiz, eskabidea aurrez aurre egiteko aukera ere izango dute. Deialdi bakoitzaren xehetasunak www.etxepare.eus webguneko ‘Deialdiak’ atalean edota Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurki daitezke.