Sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzen deialdiaren bigarren epea, martxan

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-02

Etxepare Euskal Institutuaren kultur sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzen deialdiaren bigarren epea zabalik dago, eta urriaren 30era bitarte egin ahalko dira eskaerak. Uztailetik abendura burutuko diren jarduerak laguntzera dator deialdia.

Batetik, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasuna diruz lagunduko du. 2021ean Euskal Herritik kanpoko jaialdi edo kultur jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, muntaketa-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango da.

Aurtengo deialdia automatizatu egin da, prozedura azkartu eta sinpletzea helburu. Honek esan nahi du baldintzak betetzen dituzten guztiek dirulaguntza jasoko dutela. Ez da balorazio batzorderik egongo. Gainera, kanpora joaten denari erraztasunak emateko, nahikoa izango da Euskal Herritik kanpo emanaldi edo jarduera bat izatea.

Eskaerak aurkezteko bi epe izan dira aurten. Lehenengoa maiatzaren 30a arte egon da zabalik, eta urtarrila-ekaina arteko jarduerak hartu ditu. Bigarrena uztailaren 1etik urriaren 30era egongo da martxan.

Beste bi deialdietan ez da aldaketarik egon: ARCO azokara aurkezteko hilabeteko epea izango dute arte-galeriek, eta beste azoketarako epea irailaren 3ra bitarte egongo da zabalik.  Zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzetara urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu