«Share Concept proiektuaren helburua zerbait eramatea da, ezagutza eta erreferenteak, adibidez, eta beraiengandik ikastea, artisau-teknikak, kasu honetan»
2023/01/30
Euskara. Kultura. Mundura.
Hiru urteko atzerapenarekin bada ere, azkenean abiatu da Share Concept nazioarteko proiektua. Share Concept sarearen helburua da esku-hartze artistikoak egitea Afrikako hainbat herrialdetan, eta bi euskal artistak proiektu bana egin dute bertan. Horrela, Juan Aizpitarte eta Ixone Ormaetxe urtarrilean izan dira Senegalen arte plastikoen arloko proiektuak sortzen, Etxepare Euskal Institutuak 2020an Esloveniako Zavod Exodos erakundearekin sinatu zuen hitzarmenari esker.
Proiektuok 2020an garatu behar zituzten, baina pandemiak eragindako oztopoen ondorioz, 2023ko urtarrilean bertaratu dira bi euskal artistak Senegalera. Juan Azpitarteren proiektuak ‘Art and tourism observatory´ du izenburua, eta eskaintza turistikoaren eta kulturaren ingurukoa da. Ixone Ormaetxeren proiektuak ´Many Melo´ (Many colours) du izena eta bere helburua sormena suspertzea, ehungintzako egiteko-modu eta diseinu tradizionalak ikastea, diseinu eta lan metodo berriak ezagutzea eta garatutako moda produktuen aurkezpena egitea izan da.
Ixone Ormaetxe artista multidisziplinarra da, espazio behatzailea eta idazle esperimentala. Adierazpen plastikoetatik (pintura, eskultura, marrazkia...) diseinu grafiko eta ehungintzara, ikusleekin harremanetan egoteko xedez sortzen du Ormaetxek. Bere lanak elkarrizketa bilatzen du hartzailearekin.
Juan Aizpitarteren lana, bestalde, hainbat diziplinatan oinarritzen da, eskulturatik instalaziora, graffititik esku-hartze hiritarrera, proiektu editorialetarako ekintza performatiboetara eta idazketatik ikus-emtzunezkora.
Izan ere, Ormaetxeak horrela bideratu du bere lana. Tailer bat eman du Le Centre de Formation Professionelle de Ouakam-en, Ouakamen, Senegalen. Helburuak sormena sustatzea, ehungintzako teknika eta diseinu tradizionalak ikastea, diseinu eta lan-metodo berriei buruz ikastea eta produktua aurkeztea izan dira. Egonaldian zehar, ehungintzako tailerrak egin ditu, estanpazioekin, jantzigintza eta ‘upcycling’ teknikekin, eta bertako artisauak tindatzeko teknikekin esperimentatu du.
«Esperientzia pilotu» horretan, Ormaetxe saiatu da sormen-prozesua ikuspegi artistiko batetik bideratzen, modako ehungintzako produktu bat sortzetik harago. Egonaldiaren amaieran moda desfile bat antolatu du, workshop-ean sortutako piezen emaitza erakusteko.
«Espazioaren eta objektuen esplorazioa lantzen saiatu naiz. Halaber, identitatearen zentzuaren inguruan hausnartzen, arroparen bidez. Emaitza oso positiboa izan da: ikerketa horren ondorioz, performanceren bat sortu dugu. Moldetik pixka bat ateratzea lortu dugu, esperimentaziora eta modaren ikuspegi artistikoago batera iritsiz».
Hala ere, ikerketa proiektu hau ez dela amaitu uste du. Share Project 2027 arte luzatuko da, eta, beraz, Ormaetxek 2023ko abenduan Dakarrera itzultzeko asmoa du, lan hori garatzen jarraitzeko, tokiko erakundeekin elkarlanean.
Hori baita, azken finean, Share Project-en helburua. «Eman eta jasotzea. Zerbait eramatea, hala nola, nire kasuan, ezagutza eta erreferenteak, eta, adibidez, ikastea haien tindatze artensanalaren tekniketatik, pigmentuetatik eta objektuak estanpatzeko moduetatik».
Turismoa eta etorkizuna
Juan Aizpitartek, bere aldetik, ‘Art and tourism observatory´ (Artearen eta turismoaren behatokia) proiektuan lan egin du, kulturari lotutako turismo-eskaintza bati buruzkoa. Tokiko eragileekin batera, turismoak Senegalen dituen eragin motak ikertu ditu, eta jasotako elkarrizketekin dokumentala sortu du, ‘Toubisme’ izenekoa. Sektoreko tokiko langileen testigantzen bidez, une honetan bizi duten egoeraren erretratua egin du. Dokumental horrekin komunitate oso bati ahotsa eman nahi izan dio.
Aizpitartek duela urtebete hasi zuen bere bidaia, gune turistikoak zeharkatuz eta agente turistikoak elkarrizketatuz, alderdi postkolonialak eta etimologia turistikoa aztertuz, batez ere bi terminotan arreta jarriz: souvenir eta zerbitzua. Lehenengoa, bidaia-esperientziaren alderdi espiritual eta argitzailearekin lotua. Bigarrena, anfitrioiaren eta bisitariaren arteko estatus desberdinekin.
Kontatzen duenez, lan honek oso harrera ona izan du, eta bere proiekzioaren ondoren integratuago sentitu dela aitortzen du. Performance bat ere egin du bertako koreografo batekin, eta Cristóbal Colónekin lotutako iruditerian sakondu du, gorputzaren mugimenduaren bidez. Azaldu duenez, proiektuaren hurrengo etapa abuztuan garatuko du, eta Arte Ederretako ikasleekin tailer bat izango da, turismoaren sektorearen etorkizuna birpentsatzeko.
Share Concept bezalako proiektu batek, denboran luzatzeko pentsatua, “bisiten arteko tarteekin, kontzeptu berriak digeritzen laguntzen du, baina konfiantzak denbora eskatzen du – dio Aizpitartek –. Ideia berriek, aldaketa sozialek, denbora behar dute finkatzeko”. Eta hori da, azken finean, Ormaetxeak eta Aizpitartek proiektu honetan parte hartuz bilatu dutena. Artearen bidez zerbait berria, aldaketa bat, sortzea.