#ScotlandGoesBasque: udazkeneko jarduerak iruditan
Euskara. Kultura. Mundura.
Urriaren 11tik 20ra euskara eta euskal sorkuntza garaikidea hizpide izan dira berriz ere Eskozian. Oraingoan begirada zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarri zen: batetik, Europa Transit egitasmoko hiru dokumental aurkeztu ziren eta, bestetik, Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean nazioarteko kongresua izan zen Edinburgoko Unibertsitatean. Hona hemen, iruditan, #ScotlandGoesBasque programa itxi duten ekintzek emandakoa.
Urriaren 11tik 20ra euskara eta euskal sorkuntza garaikidea hizpide izan dira berriz ere Eskozian. Oraingoan begirada zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarri zen: batetik, Europa Transit egitasmoko hiru dokumental aurkeztu ziren eta, bestetik, Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean nazioarteko kongresua izan zen Edinburgoko Unibertsitatean. Hona hemen, iruditan, #ScotlandGoesBasque programa itxi duten ekintzek emandakoa.
Europa Transit, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan burututako kultura-enbaxada ibiltariaren aitortza gisa Xuban Intxaustik zuzendutako hamar dokumentaletatik hiru eraman dira Eskoziara.
Urriaren 12an Edinburgoko Scottish Documentary Institute delakoan aurkeztu zen Kaleko dantzariak. Alaitz Arenzana eta María Ibarretxek osatutako Sra. Polaroiska talde artistikoak Plovdiv-en (Bulgaria) erromaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko burututako egonaldia jasotzen du. María Ibarretxe eta Alaitz Arenzana Edinburgon izan ziren dokumentala aurkezteko eta bezperan euren Lur away performancea eszenaratu zuten Lauriston Hall aretoan, Natxo Montero eta Myriam Petralanda antzezleekin batera. [Argazki bilduma]
Urriaren 17an, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Mugaminak dokumentala aurkeztu zuen Edinburgoko St Cecilia’s Hall aretoan. Horretan Zipren greko-zipretar eta turko-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatzen ditu. Osagarri moduan, bertsolaritzaren inguruko hitzaldia eman zuen Amets Arzallusek. [Argazki bilduma]
Zikloa ixteko, urriaren 20an Erresilientzia-soinuak dokumentalaren proiekzioa izan zen Glasgowko Arte Garaikideko Zentroan. Vedran Smailovic, Sarajevoko biolontxelojotzailearekin batera filmaren protagonista den Maite Arroitajauregik aurkeztu zuen filma eta kontzertu batekin borobildu zuen saioa. [Argazki bilduma]
Bestalde, unibertsitate alorrean, urriaren 16an eta 17an, Mugarik gabeko ala mugatutako esparrua? Hizkuntza gutxituetako hedabideak eremu digitalean kongresua izan zen Edinburgoko Unibertsitatean, Etxepare Euskal Institutuak Unibertsitatearekin berarekin antolatua. Egun komunikazio sistema globalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak eta, aldi berean, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta horien garapena izan ziren esku hartu zuten ikertzaileek eta hizkuntza gutxituak lanabes dituzten komunikabideetako profesionalek landu zituzten gaiak. Hizpide izan zituzten hizkuntzak izan ziren akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera. Eta Kongresuan esku hartzeko Euskaditik Eskoziara bidaia egin zutenak dira Josu Amezaga, Beñat Muguruza, Garbiñe Bereziartua, Libe Mimenza, Edorta Arana, Joseba Fernandez de Landa, Rodrigo Agerri, Iñaki Alegria, Aida Vallejo, Amaia Nerekan, Elizabete Manterola, Ana Tamayo (UPV/EHU); Beatriz Narbaiza (Behategia), Enara Eizagirre (Aztiker), Jaione Diaz (University of Maryland), Itziar Azpeitia (ETB) eta Urtzi Urrutikoetxea, ikerlari independente gisa. [Argazki bilduma]