Quebecekin lankidetza proiektuak jorratzeko diru-laguntzak

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-01-16

Urtea hastearekin batera ireki zuen Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiak Quebec eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean bi aldeko jarduera- eta lankidetza-proiektuak finantzatzeko diru-laguntzen bigarren deialdia. 2017an EAEk eta Quebec-ek sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren baitan jorratutako gaiak biltzen ditu deialdi honek eta, horien artean, kultur eta hizkuntza politika arloetako jarduerak ere sartzen dira. Otsailaren 28ra bitarte egongo da zabalik.

Diru-laguntzak honako alorretako proiektuen artean banatuko dira: Ikerketa, teknologia garapena eta berrikuntza; Ekonomia; Ingurumena; Hizkuntza politika eta Kultura. Azken bi hauetara bideratutako laguntzak, Etxepare Euskal Institutua 2020an eta 2021an zehar Quebec-eko lurraldean garatzen ari den kultur-lankidetza programarekin eskutik helduta joango dira. Programa hori 2019an Eskozian garatu zen Scotland Goes Basque egitasmoaren jarraipena izango da, eta Institutua buru-belarri dabil horren prestaketa prozesuan.

Diru-laguntza guztietarako 50.000€ko zuzkidura orokorra izango da. Proposamenek, Quebeceko eta EAEko kultur arloko pertsona juridikoen (artista, konpainia, talde…) arteko lankidetza harremanak edota joan-etorriko proiektuak izan behar dute. Diru-laguntza jasoko dutenak EAEko pertsona juridiko horiek izango dira, baldin eta aurkeztutako proiektua Quebeceko eskualdeko bazkide batekin partaidetzan egindako elkarlan bat bada. Honako estekan aurki daiteke informazio guztia eta eskabidea.

Quebeceko gobernuak ere beste hainbeste egin du. Kanpo Harremanetarako eta Frankofoniako Ministeritzaren (MRIF) eta Kultura eta Komunikazioaren Ministeritzaren (MCC) bitartez dirulaguntza deialdia atera du, bertako kultur eragileek euskal eragileekin kolaborazioan egindako proiektuen finantzazioa lor dezaten.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu