Quebec 2023-24: kooperazio teknikoko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-03-03

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaritzak Quebec eskualde estrategikoan lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak emateko deialdia zabaldu du. Deialdia Quebeceko bazkide baten partaidetzaz, aldebiko jarduera- eta lankidetza-proiektuak aurkezten duten pertsona juridiko pribatuei dago bideratuta. Eskabideak jasotzeko epea martxoaren 28ra arte egongo da zabalik.

Deialdiaren helburua nazioarteko Bazkide Estrategikoen Sarearekin harreman bilaterala sustatzea eta indartzea da. Eta horrela, euskal proiektuak nazioartean zabaltzea, kanpoan sortu daitezkeen aukerak identifikatzea, bertako kultur eragileak herrialde ezberdinetara gerturatzea eta kolaborazio estrategiko eta hartu-emanak sustatzea.

Deialdira aurkezten diren hautagaiek kultura, hizkuntza-politika, ekonomia, ingurunea eta I+D+I lankidetza proposamenak bidali ditzakete. Diru laguntzak urtebeteko iraupena izango du, eta zuzkidura 50.000€koa izango da.

Aukeratutako proiektuek jasoko duten laguntza nazioarteko garraio-gastuak (1000 €-ra arte gehienez), ostatu- eta mantenu-gastuak  (eguneko 180€, 7 egunera arte gehienez) eta proiektua egiteko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak (5000 €-ko gehienezko zenbatekoa bete arte) estaltzeko izango da.

Deialdiaren betekizunen xehetasunak kontsultatu daitezke hemen. Informazio gehiagorako harremanetarako kontaktuak Rafael Hueso (945 01 81 37 / rafa-hueso@euskadi.eus) eta Estibalitz Urcelay (945 01 78 60 / eurcelay@euskadi.eus)  dira.

Quebec - Euskadi

Euskal Autonomia Erkidegoak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu zuen Quebecekin 2017an. Quebec, Euskadiren nazioartekotzeko estrategian lehentasunezko bazkidea da, besteak beste, Euskadirekin, aniztasun kultural eta linguistikoaren babesa, berrikuntzaren aldeko apustua, eta ingurumenarekin eta klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa partekatzen dituelako. Akordio horrek, ingurumena, garapen ekonomikoa eta berrikuntzarekin batera, kultur esparruan bi herrialdeen arteko lankidetzan sakontzeko helburua du.  Saison Québec – Pays Basque da, hain zuzen, bi  herrialdeen arteko lankidetzaren emaitzetako bat. Egitasmo horren baitan, 2021ean eta 2022an bi herrialdeen arteko kultur trukaketak eta erakusleihoak eratu zuriren Quebec-en eta Euskal Herrian.

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu