Poesia itzulpeneko egonaldia egiteko deialdia zabalik
Euskara. Kultura. Mundura.
Consello da Cultura Galegak, Institut Ramon Llullek eta Etxepare Euskal Institutuak deialdia zabaldu dute Faberllull egoitzan (Olot, Katalunia) poesia itzultzeko egonaldi batean parte hartu nahi duten itzultzaileentzat (dagoeneko ibilbidea egin dutenak izan nahiz hasi berriak izan).
Deialdiaren helburua da lanerako, inspiraziorako eta elkartrukerako gunea eskaintzea. Egonaldiak bi ardatz izango ditu. Alde batetik, taldeko lana, egoiliarren arteko trukea lehenesteko xedea duena. Topaketak antolatuko dira beste itzultzaile batzuekin eta idazleekin, inspirazio eta mentoretza gisa baliagarri izateko asmoarekin. Bestetik, bakarka lana, egoiliar bakoitzak bere proiektua garatzeko aukera izan dezan.
Egonaldian parte hartzeak aukera emango du antolatzaileen eragineko hiru eremuetako literatura jaialdi batean parte hartzeko.
Egonaldia 2022ko apirilaren 1etik 8ra burutuko da, mantenu erdian. Egoiliarrak joan-etorriko bidaia eta 300 euroko ordainsaria jasoko ditu. Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da.
Egitasmo hau Consello da Cultura Galegak, Institut Ramon Llullek eta Etxepare Euskal Institutuak galego, katalan eta euskal literaturaren ezagutza, trukea eta ikusgarritasuna sustatzeko egiten duten elkarlanaren emaitza da.