Oskar Alegriaren ´Zumiriki´ filma Veneziako Mostran

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-08-01

Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Zumiriki dokumentala Veneziako Zinema Mostran lehiatzeko hautatua izan da. Zehazki, Orizzonti sailean hartuko du parte; mundu-mailako zinemaren adierazpen-korronte eta joera estetiko berriei arreta jartzen dien sailean, hain zuzen.

Oskar Alegria zinemagile iruindarraren Zumiriki dokumentala Veneziako Zinema Mostran lehiatzeko hautatua izan da. Zehazki, Orizzonti sailean hartuko du parte; mundu-mailako zinemaren adierazpen-korronte eta joera estetiko berriei arreta jartzen dien sailean, hain zuzen.

Alegriak harridura eta poz handiz hartu du albistea, nahiz eta hau ez den bere lehen aldia horrelako jaialdi batean. Bere lehenbiziko dokumentalarekin, Emak Bakia baita, mundu-mailako hainbat jaialditan izan zen zinemagilea, eta 15 sari eskuratu zituen. Zumiriki, ordea, nazioartean ezaguna den Veneziako Mostran hautatua izateak sorpresaz harrapatu du Alegria, bere hitzetan, “fikziozko istorio definiezin bat” delako, inongo generotan sailkatzen zaila, baita barne-mundu txiki baten erretratua islatzen duena ere.

Nafar Pirinioetako basoetan borondatez isolatzen den pertsona baten istorioa kontatzen du Zumiriki dokumentalak, naturarekiko eta haurtzaroarekiko erlazioa berreskuratzea helburu duena, eta itxaronaldia duena ardatz. Oskar Alegria bera da filmaren protagonista; lau hilabetez isolatu baitzen baso erdiko etxola batean filmaketa egiteko, baratze bat, bi oilo eta 70 liburu lagun zituela. Izenburua ematen dion hitzak “ibaiko uharte” esan nahi du eta, hain zuzen, Alegriak haurtzaroan ezagutu eta presa baten eraikuntzarengatik urperatua gelditu zen uharte bati egiten dio erreferentzia.

Mostrako Orizzonti saileko zuzendari Alberto Barberak ere, “zinemaldi osoko pelikularik definiezinena” dela esan du, baita “eszena bakoitzak ideia harrigarri bat planteatu eta garatzen” duela ere.

Veneziako Mostraren 76. edizioa izango da aurtengoa, eta abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo da Italiako hirian. Aurten, jaialdiak Pedro Almodóvar zinemagileari eta Julie Andrews aktoreari emango die Ohorezko Urrezko Lehoia. Alegriaren lana hartuko duen Orizzonti saila jaialdiko bigarrena da garrantzian, Sail Nagusiaren ostean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu